GARA
DONOSTIA

Basterretxea eta zementua, Museum Cemento Rezolako erakusketan

“Basterretxea eta zementua. Arriarango urtegia” erakusketa hartu du Museum Cemento Rezolak, Añorgan. Erakusketa urriaren 25era arte ikusgai egongo da. Arriarango urtegian hormigoizko “Urbidea” obra monumentalaren fabrikazio eta instalazio prozesua erakusten du zirriborro, maketa, bideo eta argazki bidez.

Erakusketako irudi bat.
Erakusketako irudi bat. (Jon URBE | FOKU)

Arriarango urtegian Nestor Basterretxeak bere ibilbide osoan garatutako interes eta lengoaien parte handia laburbildu zuen. Erakusketako komisarioa Miren Vadillo izan da eta urriaren 25era arte ikusgai egongo da. Arriarango urtegian egindako hormigoizko “Urbidea” obra monumentalaren fabrikazio eta instalazio prozesua erakusten du artistaren beraren zirriborro, maketa, bideo eta argazkien bidez.

“Urbidea” eskultura 1993an eraiki zuen. Bere ibilbide osoan garatutako interes eta lengoaien parte handia bildu zuen han, forma eta estilo sortzaile berriak arakatuz. Hormigoi trinkotuz egindako lan monumental horrek elkarren artean hitz egiten duten bi pieza ditu, artistak eskulturaren eta arkitekturaren arteko harremanarekiko duen interesa islatzen dutenak. Eskultore bermeotarrak zementuz egindako lan artistikoari buruzko diskurtsoa osatzeko, material horrekin egindako adibide esanguratsuak ere erakusten dira, eskultura publikoen argazki, diseinu eta maketen bidez. Eskultura publiko horien artean, garrantzi berezia du 1973an bere jaioterrian, Bermeon, instalatutako “Benito Barruetari omenaldia” piezak. Pieza horren behealdean haritz zurarekin eta zementuarekin egindako joko interesgarria dago, piezari eta inguruari adierazpen aukera handiak emanez.

Era berean, hormigoiz egindako eskultura publikoen beste oinarri batzuk erakusten dira, hala nola “Bizkaia, burdinazko olatu bat”. Bizkaiko Artatzako biribilgunean jarrita dago, eta artistak material hori erabili zuen haren oinarrirako, bere funtzionaltasun tektoniko hutsaz gain, eskulturaren zati gisa berretsiz, piezaren izenburuaren sinbologian eta forma dinamikoetan sakontzen zuen zubi zirkular gisa.

Basterretxeak zementuarekin egindako lana ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Gehien erabili zuen materiala izan ez bazen ere, bere obran ezaugarri eta ikuspegi berriak esploratzeko aukera eman zion.