Kultura bizitzeko askotariko erak, Prototipoak Bilbao bienalean
Azkuna Zentroan Prototipoak Bilbao bienala egiten ari dira maiatzaren 27tik 31ra, Luz Broto, hablarenarte & Christian Fernandez Miron, Orangconsong, Dimitri de Perrot, Ça Marche, Chiharu Shiota, Lore Stessel, Hanna Tuulikki eta Hector Zamoraren proposamenekin.

Prototipoak Bilbao bueltan da, bederatzi artistaren proposamenekin. Atzo Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztu zuten asteon abiatu duten egitaraua. Hain zuzen, hilaren 21era arte antolatu dituzte erakusketak, antzerkiak eta bestelakoak. Luz Broto, hablarenarte & Christian Fernandez Miron, orangcosong, Dimitri de Perrot, Ça Marche, Chiharu Shiota, Lore Stessel, Hanna Tuulikki eta Hector Zamora artista eta kolektiboek ondutako proposamenak publiko zabalari gerturatuko dizkiote Rosa Casadok, Maider Lopezek eta Stephane Nöelek komisariatu duten bosgarren edizioan.
Hanna Tuulikkik azaldu zuen “The bird that never flew” deituriko proposamena dela berea. Glasgowko San Mungo katedralaren eta txantxangorri baten inguruko kondairak inspiratu zuen Tuulikkik dakarren abestien zikloa. Larunbatean, entzute jarduera antolatu dute 20.00etatik aurrera, naturan barrena ibilaldia eginez, bertan bizi diren hegaztien soinuak ezagutzeko eta entzuteko. Proposamena bera, ordea, ostiralean eskainiko du artistak, 19.00etan.
Orangcosong kolektibo japoniarrak “Engeki Quest” argitalpena aurkeztuko du ostegunean, 19.00etan. Halaber, Bilbotik osteratxoa antolatu dute ostiralean, 17.00etan. Proiektua 2024ko maiatzetik uztailera arte Azkuna Zentroan izandako ikerketa egonaldian egindakoa da. Azaldu zutenez, liburua berariaz idatzita dago Bilbon, Bilborako eta Bilbori buruz.
Ça marche kolektiboko Nico Jongenek azaldu zuenez, “Trabajos forzados” proiektu eszenikoa aurkeztu dute. Hizkuntza eta komunikazioa uztartzen ditu obrak, izan ere, «jende entzulearen eta jende gorraren arteko gerturatze saiakera bat da». Horrela, kulturaren irisgarritasunaz hausnartzeko parada izan zuten atzo hurbildu zirenek.
Hablarenarte plataformak Christian Fernandez Mironekin batera ondutako “Músicas memorables” proiektua entzungai egon zen atzo. Fernandezek azaldu zuen proiektuan batu dituztela ikusgarritasunik izan ez dituzten kolektiboetako parte diren adinekoen pertsonen bizitzak markatu dituzten doinuak. Adierazi zuen, udazkenean egoitza musikala egin ostean, abenduan kontzertu batean aurkeztuko dutela emaitza.
Lore Stesselek “Poëtry of the Gang” proposamena ondu du Azkuna Zentroan egoiliar bezala egon den artean. Azaldu zuen argazkiaren eta pinturaren arteko harremana aztertu duela lanean, eta horren emaitza dela proiektu fotografikoa. Erakusketa 11.00etatik 20.00etara dago ikusgai, bienalak iraun bitartean.
“Txirikorda” deitu dio Hector Zamorak bere proposamenari. Ehungintzaren eta forma geometrikoen inguruan sortu du, 40 bat boluntario lagun izan dituela. Instalazioa terrazan ipini dute eta performancea hilaren 31n egingo du, 19.00etan.
Dimitri de Perroten “In The Middle of Something” obra maiatzaren 28tik 31ra bitarte bisitatu daiteke, 15.00etan hasi eta 20.00etara arte, ordu erdi oro. Obra haize eta espazio instalazioa da. Terrazan dagoen egitura da, eta kanpotik zein barrutik bisitatzeko gonbita egin zuen artistak, betiere oinetakorik, telefonorik eta arreta galarazten duten bestelako gailurik gabe.
Chicaru Shiotak “My House is your House” erakusketa antolatu du, eta bienalak iraun arte ikusgai egongo da. 90eko hamarkadatik aurrerako ibilbidea jarri du, eta gai unibertsalei heldu die lana ontzeko. Emaitzak publikoa gonbidatzen du etxeko giro desberdinak esperimentatzera, «site specific» moduan.
“Recorrer adentro” da Luz Brotok dakarren proposamena. Ekintza performatiboa ikusteko aukera izango da larunbatean, 18.00etan. Azkuna Zentroaren 1:1 eskalako eta denbora errealeko errepresentazioa sortu du, zentroaren barrualdeko espazioak jendarteari gerturatzeko.
Askotariko proposamenak dira, beraz, aurten Prototipoak bienalak dakartzanak, eta haien bidez artistek publikoa gonbidatu dute munduarekin eta naturarekin harreman «sentikorra» izatera, nork bere begiradatik.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
