Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Oskarbi

Hirurogei urte, horiek dira Oskarbi taldeak daramatzanak, gutxi gorabehera, modu jarraituan, kantuak eta diskoak egiten eta zuzenekoak ematen. Zaila egiten zait imajinatzea zenbateko enpeinua behar den (kasu honetan, agian, egoskorkeria ere erabili genezake sinonimo gisara) halako ibilbide bati eusteko; zazpiehun eta hogei hilabete... erraz esaten da, baina eraman gero egutegi batera. Horregatik galdera: zenbat talde ezagutzen dituzu (hemen edo Australian antzeko) halako ibilbide luzea burutu dutenak? Hogei eta bat mila seiehun egun eman dutenak oholtzaren inguruan (ez bakarrik gainean)? Amarru galdera da... noski. Egon badaude eta..

Ez dugu oso urrutira joan behar erantzunen baten bila. Adibidez, Benitoren ibilbideak antzeko iraupena izan du erretiroa hartu bitartean, eta Letek, besteak beste “ofizioari” eutsi zion, ia-ia azken arnasa arte (beste 50 urte luze musikarekin bueltaka). Baina... bakarlariak ziren, eta horrek asko erraztu dezake bidea; norberaren gogo, erabaki, osasun edo zortearen esku dago jarraitzearen gakoa. Baina talde batean? Biderkatu aldagai horiek, proiektuan inplikatuta dauden kideen kopuruarekin, eta atera buruhausteen kontuak. Oso azpimarragarria da Oskarbirena, hirurogei urtez euskal musikagintzan eta, harrigarriena, ez dute amore emateko asmorik.