Iraitz MATEO
DONOSTIA

Enplegua inklusiorako bide izan dadin, bi esperientzia Arizmendiarrieta foroan

Asett Nazioarteko Lehen Foroa joan den asteartean hasi zen eta gaur amaituko da Donostian. Ekonomia sozialaren etorkizuna definitzeko nazioarteko topagunea antolatu dute eta hamaika erronka sozialen inguruan hausnartzen jardun dira; besteak beste, inklusioari buruz eta horretarako enpresa ereduari buruz.

Asett nazioarteko lehen foroa ospatzen ari dira Donostian, ekonomia soziala oinarri.
Asett nazioarteko lehen foroa ospatzen ari dira Donostian, ekonomia soziala oinarri. (Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Ekonomia soziala eta pertsonen inklusioa elkarri nola lotzen diren aztertu zuten atzo goizean Asett (Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank) Nazioarteko lehen Foroan. Ekonomia sozialak ezberdintasunen murrizketan eta gizarte- eta lan-inklusioan duen paperari buruz eztabaidatzen ari dira Donostiako Kursaalean nazioarteko hizlariekin. Gaur amaituko da foroa.

Kursaaleko laugarren aretoan inklusioaren inguruan jardun ziren Gureak taldeko Maria Larraza eta Ilunion Hotels kateko Jose Angel Preciados, beren esperientzien berri ematen, Enableko Moses Chowdari Gorrepati dinamizatzaile lanetan zelarik.

Larrazak gogoratu zuen Gureak taldeak 50 urte bete dituela aurten, eta etorkizunera begira «inklusio eredu bat sortzen» jarraitzen duela egunez egun. Lehen urteetara jo zuen aldaketak egitearen garrantzia azaltzeko. Kontatu zuen 1975ean Gipuzkoako guraso talde batek sortu zuela, desgaitasuna zuten haurrak eskolaratzearekin hasi zirela, eta ume horiek 18 urte betetzean lanera jauzi egin beharraren hausnarketak bultzatuta hasi zirela lanpostuak sortzen.

«70eko hamarkadan buzo bat jantzi eta zortzi orduz lan eginez harrotasuna genuen, baina garaiak aldatu egin dira eta gaur egun Gureaken dauden langileek erabakietan parte hartu nahi dute, eta horri erantzutea dagokigu», azaldu zuen. Inklusioaren pertzepzioan sakondu nahi dutela adierazi zuen Larrazak, eta pertsona bakoitzari bere nahi eta beharretara egokitutako aukera eman. Gaineratu zuen bizitzan zehar beharrak aldatzen direnez lanpostuek ere aldatzen joan behar dutela.

«Korrontearen aurka borrokatzen gara», salatu zuen, eta ikuspegi horretatik merkatuarekin lehiatzea gero eta zailagoa bada ere egun beste enpresekin lehiatzen ari direla nabarmendu zuen. Nahiz eta, bere ustez, merkatua «inklusiorako prest ez egon», ateak irekitzen dabiltza Gureaken.

Erronka bikoitz baten berri emanez amaitu zuen bere mintzaldia: «Perspektiba soziala izatea eta lehiakortasunaren perspektiba ez dira ideia kontrajarriak; horretan egin behar dugu lan. Izan ere, gure balio handiena ez da sortu duguna, egiteko dugun modua baizik».

ZERBITZUA BAINO GEHIAGO

Jose Angel Preciadok, bestetik, zehaztu zuen egun Ilunion Hotels kateak 31 hotel dituela eta krisi ekonomikoaren ostean proiektuaren ikuspegia aldatu zutela pertsonak erdigunean jarriz. Madrilekoa izan zen lehen esperientzia eta langileen %75 desgaitasuna zuten pertsonak ziren.

Egun, desgaitasuna duten langileez gain, «kanporatze arriskuan dauden kolektiboetako» langileak ere badaude hotel hauetan lanean: «Indarkeria matxista pairatu dutenak, menpekotasuna dutenak, Ukraina zein Gazatik etorritakoei ere leku bat egin diegu, adinekoak…». Adierazi zuen, inklusioa bermatzeaz gain, gizarte osoari egiten diola ekarpena beraien proiektuak. Izan ere, hotelean aurretik zeuden langileen «sentsibilizazio» bat lortu omen dute, bai eta bezeroek ere.

«Zerbitzua eskaintzeaz harago, gizartean dauden kezkak ere erantzun behar dira», egin zuen aldarri, eta pixkanaka zabaltzen joan den proiektua dela esan zuen: «Mundu berri bat eraiki nahi dugu, denok kabituko garena».