GARA

Valogreeneren epaiarekin bat, «herritarren osasuna zaindu du» Bergarako Udalak

Valogreene enpresaren proiektua ez zela «hirigintza planarekin bateragarria» esanda, Gorka Artola alkateak «oso positibotzat» jo zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena, Lakuak enpresari emandako ingurumen baimena baliogabetu duena. Ekologistak Martxan-ek ere txalotu du.

Gorka Artola alkatearen prentsaurrekoa, Valogreene auziaren ebazpena aztertzeko.
Gorka Artola alkatearen prentsaurrekoa, Valogreene auziaren ebazpena aztertzeko. (@BERGARAKO UDALA)

EAEko Auzitegi Nagusiak Valogreene Paper SL enpresari Lakuako Gobernuak emaniko ingurumen baimena baliogabetu duela-eta, pozik agertu zen Bergarako Udala atzo. Gorka Artola alkateak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, epaiak berretsi egin du «Bergarako Udalak hasieratik defendatutako jarrera: Valogreene enpresaren proiektuak ez zuela bat egiten» udal plangintzarekin, eta «industria jardueratzat mozorrotu nahi izan zen egitasmoa, benetan, hondakinak errausteko jarduera bat zela».

Alkateak gogorarazi zuenez, «Udalak hasieratik salatu zuen proiektuan ezarritako aldaketak ez zirela behar bezala aztertu», eta «Eusko Jaurlaritzak onartutako baimenean hainbat salbuespen onartu zirela justifikaziorik gabe, arrisku potentziala sortuz herritarren osasunarentzat eta ingurumenarentzat».

Artolak nabarmendu zuen Auzitegi Nagusiak berretsi duela Valogreene proiektua «hirigintza planeamenduarekin bateragarria ez» zela eta administrazioaren «oinarrizko prozedurak urratu» zirela.

«Zintzotasunez, legearen barruan eta interes orokorraren defentsan egin dugu lan», esan zuen horren harira Gorka Artola alkateak. Era berean, gaitzetsi egin zuen zenbait sektorek prozesuan zehar Udalaren jarrera zalantzan jarri izana.

Bestalde, Bergarako Udalak salatu zuen proiektu honek Larramendiko industriagunean «kalte konponezina» eragin duela azken urteotan.

Hala ere, orain aukera berriak zabaltzen direla nabarmendu zuen. «Epaia ez dadila soilik iraganari buruzko ondorioa izan: etorkizunerako aukera berri bat zabaltzen da. Larramendiko guneari beste ikuspegi batekin begiratu ahal diogu orain, bestelako proiektu batzuk garatzeko aukerarekin. Gaurtik aurrera, Larramendi Bergarako ehun industrialaren eta garapen sozioekonomikoaren mesedetan jartzen hasteko unea da», azaldu zuen.

EKOLOGISTAK MARTXAN

Ekologistak Martxan taldeak ere helegitea ezarri zuen bere garaian EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean eta, ondorioz gustura «ospatu» zuen epaimahaiaren erabaki hau. «2022ko irailaren 15ean Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ingurumen inpaktuaren adierazpena eta ingurumen baimen integratua eman zituen eta horren aurka jarri genituen errekurtsoak atzera bota ziren», baina oraingo epaiak hori konpondu duela azpimarratu du kolektiboak.

«Epaiak onartzen du proiektua bateraezina zela Larramendi industrialdeko eta Bergarako Plan Orokorreko hirigintza araudiarekin, udal arkitektoak bi txostenetan eta zenbait udal dekretutan ezarri zuen bezala. Eusko Jaurlaritzak ez zituen kontuan hartu, eta 2021eko uztaileko hirigintza bateragarritasunari buruzko txosten bat defendatzen tematu zen», adierazi zuen.

Ekologistek aurkeztutako helegitea babesteko beste arrazoi bat da Lakuaren txostenean «ez zegoela proiektatutako instalazioa kokatzeko alternatiben azterlan egokirik, Bergara eta Larramendi industrialdea izan baitzen aztertutako kokapen bakarra».

Horrez gain, «hondakinak errausteko instalazioari ondoriozko araudia aplikatzeari dagokionez, sustatzaileak eta Eusko Jaurlaritza kaltzio karbonatoa ekoizteko instalazio hutsa zela sinetsarazten saiatu ziren, eta ez zuen zerikusirik hondakinak erraustearekin», azpimarratu zuen kolektiboak, bere «poza» azalduz.