GARA
BILBO

Txosnak ondare immaterialeko kultur ondasun izendatzea eskatuko dute

Txosnen atzean jende pila bat lanean egon arren, arazo gero eta gehiagori aurre egin behar diete. Horien aurrean babesa lortu nahian, txosnak Euskal Herriko ondare immaterialeko kultur ondasuna izatea eskatuko dute, eta, hori egin ahal izateko, sinadura bilketa abiatu dute Bilbon.

Lehen sinadurak Miribillan bertan bildu dituzte.
Lehen sinadurak Miribillan bertan bildu dituzte. (Jon URBE | FOKU)

«Imajinatzen al dituzu jaiak txosnarik gabe?», da Euskal Herriko txosna eta jai batzordeek gizarteari egiten dioten galdera. Atzo goizean Bilboko Miribilla auzoan elkartu ziren 900 eragileren ordezkariak, “Txosnak. Gureak, denonak’ ekimenaren berri emateko.

Txosnek Euskal Herriko jaietako nortasuna osatzen dutela uste dute, eta horregatik haien alde egiteko babesa behar dute. Arazoei aurre egin nahian, ondare immaterialeko kultur ondasun izendapena eskatuko dute, eta, horretarako, sinadura bilketa abiatu dute. Sinatzeko aukera egongo da www.txosnak.eus webgunean zein udan zehar ospatuko diren jaietan, txosnagunetan bertan.

«Txosnak ez dira edariak zerbitzatzeko barra hutsak. Askoz gehiago dira: jai herrikoien bihotza, elkartzeko eta elkar zaintzeko guneak, herriak bere burua ospatzen duen lekua. Gure izateko moduaren parte dira», adierazi zuten eragileek.

Sinadura bilketarekin argi utzi nahi dute zenbat jendek babesten dituen txosnak, denok egon garelako haietakoren batean noizbait, denok ditugu kontatzeko istorioak, eta erromantizismo hori baliatu nahi dute. Izan ere, txosna bakoitzaren atzean jende askoren borondatezko lana dago. «Gure oroimen kolektiboaren parte dira. Gure nortasun partekatuaren adierazleak. Tresna politikoak, sozialak eta kulturalak dira. Gure ahotsa dira. Eta hori guztia babestu nahi dugu», azaldu zuten.

ADMINISTRAZIOAREN LAGUNTZA

«Egungo egoera txosnetan ez da erraza, eta ikusten ari gara zailtasun handiak ditugula aurrera egiteko egiten dugun lanarekin eta sostengatzen dugun jai ereduarekin», adierazi zuen “Txosnak. Gureak, denonak” ekimenaren kide den Iker Martinek NAIZ Irratian. Bere garaian bertsolariek egin zuten bezala -iaz lortu zuten ondare immaterialeko kultur ondasunaren izendapena-, txosnak babestuak izan daitezen, arazoa publiko egin nahi dute, administrazioei trabak kentzen laguntzea eskatzeko.

«Administrazioarekin elkarlanean gaude, baina arazoak ere sortzen dira, ez garelako profesionalak», argitu zuen. Sinadurak bildu ostean, Lakuari aurkeztuko dizkiote ondare immaterialeko kultur ondasun izendapena eskatzeko. Lortuz gero, badakite ez direla arazo guztiak egun batetik bestera amaituko. Espero dutena da, izendapenarekin batera, administrazioen babesa ere iristea, eta hainbat arazoren aurrean gauzak erraztea. Adibidez, tiket elektronikoa dela eta, espero dute Ogasunak ulertzea txosnak ez direla enpresa bat. «Ez dugu irabazteko asmorik. Hori plazaratzean eta publiko egitean, agian kontuan hartuko dute. Gu prest gaude hitz egiteko eta lanean jarraitzeko», esan zuen Martinek.

Horrez gain, azken urteetan eskatzen zaien burokratizazioak lana zaildu die, eta txosnen izaeran dauden ekintzak alde batera utzi behar izaten dituzte, beste arlo horiei erreparatzeko. Esaterako, Martinek esandakoaren arabera, ziurtasun neurriak lehen administrazioak bere gain hartzen zituen, eta orain txosnak arduratu behar dira horretaz. «Ez dugu esaten egin behar ez dugunik, baina errepikatzen dugu ez garela profesionalak eta ez garela enpresa bat. Orduan, horrelako gauzak egiteko, bilatu behar da erdibideko soluzio bat, laguntza eskainiz», eskatu zuen ordezkariak.