GARA
IRUÑEA

Azkeneko talde sorta iragarri du Hatortxu Rockek: Gorka Urbizu, Inadaptats, Koma...

Beste hamaika talderen presentzia konfirmatuta -tartean daude Lendakaris Muertos, Gorka Urbizu, Koma, Inadaptats, Amaiur, Crim eta Porrotx bera-, Hatortxu Rockek itxi du dagoeneko Lakuntzako azken ediziorako afixa. Denera, 98 artista igoko dira oholtzara uztailaren 24tik 27rako hitzordu erraldoian.

Lendakaris Muertos berriz ariko da Hatortxun. Irudian, iaz, Atarrabiako edizioan.
Lendakaris Muertos berriz ariko da Hatortxun. Irudian, iaz, Atarrabiako edizioan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hatortxu Rocken azken ediziorako gero eta gutxiago falta da. Uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan egingo duten festa erraldoi horretan oholtzara igoko diren artista guztien zerrenda osoa ezagutarazi dute dagoeneko antolatzaileek. Hain zuzen ere, atzo aditzera eman zituzten hamaika izenek osatu dute azken afixa.

Porrotx, Amaiur, Ene Kantak, Muga Zero, Moisés No Duerme, Crim, Gorka Urbizu, Inadaptats, Koma, Lendakaris Muertos eta Green Valley dira azken iragarpeneko protagonistak, eta beraiekin 98 talde eta bakarlariko karteltzarra dakar Hatortxuk.

Atzo ezagutarazitako hamaika horiei aurretik plazaratutako -azken sorta maiatzaren 20an bota zuten- beste 87ak gehitu behar zaizkie: Herdoil, Sofokaos, Iñigo ETS, Ana Tijoux, Roba Estesa, Hogei Berriro, Bourbon Kings, Trikidantz, Trikiteens, Olaia Inziarte, Auxili, Kristal Kolpatuak, Gora Musika, Tapia eta Leturia, Anje Duhalde, Fermin Balentzia, Dinamita, La Txama y su Flakofonki, Tremenda Jauria, Soziedad Alkoholika, Dj Reimy, Dj Bull + Dj Jotatxo, Dj Fresa Morango, Fillas de Cassandra, Anestesia, Zetak, Delirium Tremens, Barniz, Bizardunak, Deskontrol + Arkada Social, Reincidentes, Kaleko Urdangak, KOP, Zea Mays, Las Ninyas del Corro, Mirua, Potato, Nafarroa 1512, Naxker, ødei, Odolkiak Ordainetan, Svetlana, On, Talco, Juantxo Skalari La Rude Band + Set Skalariak, Xiberoots, Xutik eta Zaunka, Latzen, Afu, Alaitz eta Maider (Burutekin batera eskainiko dituzte kantuak), Skatu, Bad Sound, Dupla, Su ta Gar, Chuleria, Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Autobus Magikoa, Sukena, The Lio, Kaotiko, Bulego, Buitraker, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Gozategi, Banda Bassotti, Never Surrender, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri.

AMAIURREN ITZULERA

Zerrenda izugarria da, batzuen eta besteen gustuak asetzeko modukoa: aspaldiko izenak batzuk, ibilbide luzekoak, eta gazteagoak beste hainbat. Euskal Herrikoak gehien-gehienak, baina baita gure mugetatik kanpokoak ere.

Eta izen horien guztien artean zortzi itzulera daude, antolatzaileek nabarmendutakoaren arabera. Iragarritako azken itzulera Bizkaia aldetik dator: Amaiur.

Erromeria taldeak 2004an ekin zion bere bideari, Nora Gaintza deustuarra buru zuela, eta zazpi urtez 500 kontzertu inguru eskaini zituen. Lakuntzan berriz ikusiko ditugu oholtza gainean.

Afu, Autobus Magikoa, Latzen, Buitraker, Alaitz eta Maider, Never Surrender eta Skatu dira elkartasun jaialdi honen amaierak elkartuko diren beste zazpi taldeak.

Jakina denez, sarrerak salgai daude honako webgunean: www.hatortxurock.eus. Lau eguneko bonua 120 euroko prezioan dago, eta laster izango da egun bakoitzeko sarrerak eskuratzeko aukera.

Oholtza gainera igoko diren talde eta bakarlariez gainera, ikuskizun gehiago izango dira haurren txokoan, azokan eta baita NAIZ Gunean ere. Aurki emango da horien berri.