Maite UBIRIA
BIARRITZ

PNBk Maider Arosteguy auzapezarekin akordioa hetsi du 2026rako

EAJ-PNB alderdiaren Ipar Euskal Herriko exekutibako kidea den Peio Etxelekuk atzo aditzera eman zuenez, 2026ko martxoan aurreikusten diren herriko bozetan Les Republicains (LR) alderdi kontserbadorearekin batera aurkeztuko da alderdi jeltzalea Biarritzen. Hala, Maider Arosteguy auzapeza buru duen hautagaitzarekin bat eginen du alderdiak.

Duela sei urte Guillaume Barucq medikuaren hautagaitza babestu zuen EAJ-PNBk Lapurdiko kostako hirian. Legealdi erdian, ordea, zerrendaburu zentrista oposiziora joan zen. 2023. urtean EAJk Biarritzen eratu zuen Herri Biltzarreko kidea den Mathieu Kayser, berriz, Arosteguyren udal gobernuan sartu zen.

2026ko bozei begira baieztatu den akordioari buruz «gure helburua orokorki kudeaketan izanen diren ekipetan izatea da, gure xedeetan aitzinatzeko», azaldu zuen IBBko lehendakari ohiak atzo Ici Pays Basque irratian.

AKORDIOA

Amaitzear den legealdi honetan «Maiderrek eta bere ekipak egin duten lana baikorra» izan dela iradoki zuen Etxelekuk. Arosteguy auzapezarekin erdietsi duten akordioari esker, «euskara, mugaz gaindiko harremanak, ingurumena, ekonomiaren garapena eta Euskal Elkargoaren gainean hainbat politika egitasmo aitzina eraman ditugu», nabarmendu zuen Etxelekuk.

Biarritzen kontuak argi badira ere, 2020ko bozetan EAJ-PNBk aliantzak egin zituen zenbait herrietan gaur-gaurkoz ez direla akordioak hetsi baieztatu dio Mediabask hedabideari Pantxoa Bimboire IBBko presidenteak.