AMALUR ARTOLA
DONOSTIA

Sara Uribe-Etxebarriaren «Kuntzak eta kerak», helduarorako jauziaren memoria

Hemeretzi urterekin, Donostia Kultura poesia saria lortu duen poeta gazteena da Sara Uribe-Etxebarria Atxurra. Bi urtean zehar bizitakoak bildu ditu egileak «Kuntzak eta kerak» poema-liburuan, atmosfera propioa eta «erantzunak baino, galderak» dituen lanean.

Sara Uribe-Etxebarria Atxurra, DK poesia saria eskuratu duen poeta gazteena.
Sara Uribe-Etxebarria Atxurra, DK poesia saria eskuratu duen poeta gazteena. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hemeretzi urte eskas izanik ere, poeta izaera bereganatua du Sara Uribe-Etxebarria Atxurrak. Idazle gazteen lanak saritzen dituzten Resurreccion Maria Azkue eta Urruzuno lehiaketak irabaziak ditu zumaiarrak eta, adin nagusitasuna iritsita, Donostia Kultura poesia saria lortu du “Kuntzak eta kerak” obragatik. Poema-bilduma Balea Zuriaren eskutik kaleratu du.

Liburuaren aurkezpenean, sariketara hamalau lan aurkeztu direla nabarmendu zuten, «horietako hiru maila handikoak», esan zuen Balea Zuriako eta epaimahaiko kide Aritz Gorrotxategik. Uribe-Etxebarriaren lana aukeratu izanaren gakoa «hartzen duen arriskuan» dagoela zehaztu zuen. Liburuak «mundu eta atmosfera propioa» eta zientzia eta poesiaren uztarketa aurkezten duela ere goratu zuen, baita «gogoeta iradokigarriak» eskaintzen dituela ere. «Liburua irakurri genuenean ez genekien adinik, eta, jakin genuenean 2005ean jaiotako idazle baten lana zela, are harrigarriagoa iruditu zitzaigun liburuan topa daitekeen heldutasuna», esan zuen.

Hitza hartuta, egileak aitortu zuen poema-bilduma deskribatzea «zaila» egiten zaiola. «Bilduma bat baita, bi urtean idatzitakoa. Leku eta momentu ezberdinetatik idatzi dut eta ni neu ere aldatu egin naiz urteotan, baina esango nuke batasun edo koherentzia bat ematen diona dela imajinatu izan dudala nire etxea dela; nire etxea sortu dut bi urte hauetan: gela batzuk desordenatuta daude, besteak ondo, leiho hautsi batzuk ditu... nahi nuke etxe horretara edonor sartu eta atera ahal izatea berak nahi duenean», kontatu zuen.

Prosak pertsonak «beste mundu batzuetara eraman eta ihes egiteko» modua eskaintzen duen bezala, poesiak «guztiz kontrakoa» dakarrela uste du; «norberegana bideratzeko tresna bat bezala ikusten dut, eta horixe eskaini nahiko nioke irakurleari».

GARENAREN DIKOTOMIA

Bildumaren izenburuaz, ‘‘Kuntzak eta kerak’’, «originaltasuna» ere nabarmendu du epaimahaiak eta, horren inguruan, Uribe-Etxebarriak argitu zuen bere pisukide batek erabiltzen duen esamoldea dela. «Fonetikoki ere asko gustatzen zaizkit hitzok eta uste dut izenburuak ondo biltzen dituela bi urte hauetan bizitakoak, baina baita edozeinek bizitakoak ere, azken batean garenaren eta izan nahi dugunaren eta gainontzekoek gugan ikusten dutenaren jolas horretan zentratu nahi nuelako, garenaren dikotomia horretan», argitu zuen Uribe-Etxebarriak.

Lantzen dituen gaien artean «denetarik» dagoela esan zuen Gorrotxategik, minak, kezka sozialak eta giza izaerari buruzko hausnarketak tartean, eta egileak gaineratu zuen «galdera asko» daudela olerkietan zehar, «erantzunak ez hainbeste».

Obra «desafiatzailea» eskaintzen ahalegindu dela esan zuen, bai beretzat, baita irakurlearentzat ere; «inguratzen gaituenaz gogoeta egiteko. Esperientzia indibidual edo intimoak izan arren, testuinguru bat konpartitzen dute eta horrek egiten du esperientzia indibidual horiek unibertsalak izatea», hausnartu zuen, eta funtsean berak bizi izan duenaren eta irakurlearen arteko topagune bat bilatu nahi izan omen du. Horregatik, «nahiz eta emakume gazte baten lekutik idatzi, une honetan hori naizelako, edozein senti daiteke identifikatua», adierazi zuen egileak.

Sara Uribe-Etxebarriak DK poesia saria eskuratu du ‘‘Kuntzak eta kerak’’ lanarekin, eta horri esker datorren astelehenean Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan ospatuko den ‘‘Poesia eta pentsamendua’’ errezitaldian ere hartuko du parte.