GARA
BASAURI

Gizarte bazterketa arriskuan dauden lagunek kudeatutako supermerkatu bat Basaurin

Eroski frankiziako supermerkatu berri bat irekiko dute Basauriko Ramon y Kareaga kaleko 1 eta 2 zenbakien artean gaur. Gizarte bazterketa arriskuan dauden lagunek kudeatuko dute.

Eroskiren supermekatu bat, artxibo irudi batean.
Eroskiren supermekatu bat, artxibo irudi batean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Eroski kooperatiba eta Lanerako laneratze enpresa elkarlanean ari dira ekonomia sozialaren arloko proiektu batean. Gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonek kudeatutako supermerkatu bat irekiko dute Basaurin.

Berrikuntza sozialaren arloko proiektua izanik, ekimenaren asmoa enplegua sortzeko aukera berriak bilatzea da, lan merkatura sartzeko zailtasunak dituztenentzat, bai eta beste jarduera sektore batzuetako beharrak detektatzea ere, enplegu aukera bihur daitezen, bi erakundeek jakinarazi zutenez.

Eroskiren frankizia erako supermerkatu berria Basauriko Ramon y Kareaga kaleko 1 eta 2 zenbakien artean dago. Sei langile izango ditu, eta saltokia 09.00etatik 21.00etara irekita egongo da astelehenetik larunbatera, eta 09.00etatik 14.00etara igandeetan.

Eroski City izenekoa da. Bezeroei arreta pertsonalagoa eman ez ezik, «apustu indartsua» egingo du tokian tokiko produktuen eta sasoiko elikagai freskoen alde.

Erakundeek azaldutakoaren arabera, elikagai osasungarriak sustatuko ditu, eta dirua aurrezteko modu berriak eskainiko ditu eguneroko erosketetan.

Supermerkatu berriak gaur irekiko ditu ateak, ekainaren 12an, 09.00etan, baina Eroskiko langileek eta senideek atzo inauguratu zuten, erakunde eta enpresa ordezkari ugarirekin batera.

ENPLEGU SOZIALEAN URRATSAK

Alberto Madariaga Eroskiko Supermerkatuen eta Prozesuen arloko zuzendariak adierazi zuenez, «proiektu honekin aurrerapausoak eman ditugu enplegu sozialaren arloan ditugun konpromisoetan. Frankizia erako gure denda ereduaren lehiakortasuna irekita dago ekintzaileentzat, kooperatibentzat eta ekonomia sozialeko enpresentzat, eta helburua du gure inguruko enplegu sozialaren dibertsifikazioan aurrerapausoak ematea».

Bestalde, Lanerako sozietatearen proiektuen arloko zuzendari Ernesto Callejok azaldu zuen Eroskirekin duten lankidetza proiektuaren xedea dela «supermerkatuen sektorean kualifikazio profesionaleko aukerak sortzea eta, kualifikazio profesionala eta esperientzia lortutakoan, sektorean modu egonkorrean sartzea».

«Enplegua sortzeko aukera zabalak ematen dituen sektorea da. Horregatik, baloratu dugu Eroski dendekin indartzea laneratzeko proiektu hau», adierazi zuen proiektuko kidea den Callejok.