Teknologia berriak, erronka berria aseguru- etxeentzat
Zalantzarik ez dago autoen segurtasun- teknologia berriak oso garrantzitsuak direla istripuak saihesteko eta horien larritasuna gutxitzeko. Neurri horiek orokortzen doazen heinean, erronka berria suposatzen dute aseguru-etxeentzat.

Automobilaren sektorea etengabeko eboluzioan bizi izan da beti, baina azken urteetan industria horrek ezagutu dituen aldaketen abiadura eta sakontasuna areagotu egin dira. Etorkizun hurbil batean, gainera, auto autonomoek erabat aldatuko dute mugikortasuna ulertzeko dugun modua.
Gaur egun autoak askoz seguruagoak dira orain dela hamar edo hogei urte baino, batez ere gidatzeari laguntzeko teknologia berriei esker. ADAS (Advanced Driver Assistance Systems) izenez ezagutzen diren teknologia horien artean, hauek dira ezagunenak: Erreiaren nahigabeko aldaketaren alerta, larrialdiko balaztatze-sistema, trafiko gurutzatuaren alerta, oinezko edo txirrindulariak detektatzeko sistema , angelu hilaren abisua, atzera-martxako kamera edo 360 graduko kamera...
Lagun Aroko Autoen arloko arduradun Asier Miguelen hitzetan, «denek istripuak saihesteko laguntza eskaintzen dute. Ondorioz, lesioak eta lesio larriak saihesteko balio dutenez, onuragarriak dira gizarte-mugikortasunerako». Aseguru-etxeetan aurrerapen horien jarraipena egiten dute eta ondorioak ateratzen dituzte «gure aseguruen primak etorkizunean moldatzeko».
Izan ere, arlo ekonomikoan ondorio bikoitza dutela nabarmendu du Asier Miguelek. «Alde batetik, argi dago ezbehar gutxiago izaten laguntzen dutela eta, ezbeharra gertatuz gero, kalteak hain larriak ez izaten. Baina bestetik -gaineratu du- konponketen kostua handitu egin daiteke, ibilgailuak teknologikoki aurreratuagoak direlako eta dispositibo horiek garestiagoak direlako».
AUTOA, ORDENAGAILU BAT
Horrela, aseguru-etxeak etengabe ari dira aurrerakuntza horiek aztertzen beren primen zenbatekoa egokitzeko. Hala ere, batzuetan ez dela erraza izaten azaldu du Lagun Aroko arduradunak, batez ere, auto bakoitzak dituen ADAS sistemei buruzko informazio guztia ez dutelako.
Gero eta gehiago, autoa ordenagailu bat da; ondorioz, ibilgailuaren datuetara sarbidea izatea eta sistema horietako datuak partekatu ahal izatea funtsezkoa izango da aseguru-etxeentzako.
Edonola ere, aldaketa-prozesu hori ez dela bapatekoa izango, «progresiboa» baizik, uste du Miguelek, batez ere automobilen parkea oso mantso ari delako berriztatzen. Hala ere, zalantzarik ez dauka ezbehar-tasa murrizten joango dela eta beren erronka nagusia egoera berria kudeatzen asmatzea izango dela.
Modu batera edo bestera, errepideko segurtasuna areagotzeko aurrerapen teknologiko guztiak «berri ona» direla nabarmendu du, ez bakarrik gizartearentzat, «baita pertsonei errepideko segurtasuna emateko lan egiten dugun guztiontzat ere».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
