GARA
GETXO

Benito Lertxundiri omenaldia egingo diote Getxo Folken ikuskizun berezi batekin

«Hunkidura kuttunak» goiburupean, omenaldi berezia egingo diote hainbat artistak Benito Lertxundiri Getxo Folk jaialdiaren hondarrean, irailaren 14an, ikuskizun batekin.

Benito Lertxundik iazko azaroan iragarri zuen oholtzak utziko zituela.
Benito Lertxundik iazko azaroan iragarri zuen oholtzak utziko zituela. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

‘‘Hunkidura kuttunak’’ izenpean bildu zituen Benito Lertxundik bere biografia musikalaren adierazgarri diren kantuak eta izen hori bera erabiliko dute Orioko abeslaria omenduko duen ikuskizuna izendatzeko ere.

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren 41. edizioak hartuko du ikuskizunaren estreinaldia festibalaren azken egunean, irailaren 14an, eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, «ibilbide zirraragarria proposatzen dio publikoari Orioko Bardoaren jardueran zehar, hainbat artistaren eskutik, musika, dantza eta beste diziplina artistiko batzuk uztartuz». Sarrerak eta abonamenduak uztailaren 7an jarriko dira salgai Getxo Kulturako ohiko kanaletan.

Ikuskizun horren bitartez, jaialdiak Benito Lertxundiren ibilbide luze eta emankorra ohoratu nahi du, omenaldi «hunkigarri eta artistikoa» eskainita. Hala, ‘‘Oriotik Euskal Herrira Benitoren abestiekin’’ lelopean, emanaldiak ikus-entzulea «bidaia emozional» batera eramango du, Lertxundiren kantuen bidez «Euskal Herriko kultura, historia eta sentimenduen paisaian murgilduz. ‘Oi lur’ abestitik hasita ‘Euskal pizkundea’-raino».

Ikuskizuna Baga Biga ekoiztetxeak produzituko du eta zuzendari artistikoak Arkaitz Hormaetxe eta Jon Maya izango dira. Jakinarazi dutenez, lantaldeak hilabeteak daramatza lanean, 2024. urte bukaeran Benito Lertxundiren oniritzia jaso zuenetik.

Eszenatokian, zortzi musikari arituko dira, bost gizonezko eta hiru emakumezko, eta beren interpretazioekin Benitoren abestiak «gaurkotu eta berpiztuko» dituzte. Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester, Mirua eta beste hainbat artista ezagunek Lertxundiren obra ulertzeko beren ikuspegiak erakutsiko dizkiote publikoari.

Ardatz nagusia musika izanik ere, ikuskizunak diziplina anitzeko izaera izango duela ere aurreratu dute. «Dantzak, bertsogintzak, marrazkiak eta bestelako arte adierazpenek beren tokia izango dute, ikusleari esperientzia estetiko eta sakona eskaintzeko helburuarekin», nabarmendu dute.

Dantza arloan, Kukai Dantza konpainiaren presentzia nabarmentzekoa izango da, bere estilo garaikide eta sustraituarekin ikuskizunari «mugimendu poetikoa eta indar eszenikoa» emango zaiola aurreikusten baitute.

Hori guztia Euskal Herriko hainbat artistaren parte-hartzearekin gauzatuko da, elkarlanetik sortutako ekitaldi berezi bat bihurtzeko bokazioz. «Emozioa, artea eta oroimena uztartuko dira gau berezi honetan, Benito Lertxundiren lana eta ondarea belaunaldi berriengana eramateko xedez», ziurtatu dute.

Sei hamarkada luze eman ditu Benito Lertxundik (Orio, 1942) oholtza gainean eta, azkenik, iazko azaroan iragarri zuen iritsi zaiola agur esateko tenorea. Gernikako Jai Alai pilotalekuan prestaturiko agerraldi jendetsuan esan zuen pandemiaren garaitik hor, bueltaka, hartzeke zuen erabakia zela: «Oholtzaren gainean egoteko behar duzun hori galdu nuen duela lau urte -aipatu zuen-. Sentitzen nuen nire burua eszenatokitik urruntzen. Zergatik noan? Ez dudalako jada bizitza publiko bat eramateko eta kontzertuak egiteko behar duzun hori sentitzen, ez dakit nola esan, oholtza behar duzula zure bizitzan».

‘‘Hunkidura kuttunak’’ ikuskizunarekin, beste batzuk igoko dira oholtza horretara berak abiatutako bidea urratzen jarraitzera.