Errebeldiatik erantzukizunerako bidean

Euskaldunon eta gaztaren arteko harremana estua eta aberatsa den bezala, Comte gaztak bere lekua du Estatu frantseseko gastronomiaren bihotzean; Franche-Comte eskualdeko gastronomiaren ikur nagusietako bat da. Gazta horren aitzakiaz, Louise Courvoisier zinegileak coming-of-age oso gomendagarria osatu du.
Protagonista Totone da, 18 urteko gaztea. Honen bizitza axolagabea goitik behera aldatuko da aita hiltzen zaionean. Ahizpa txikia zaindu beharrean aurkitzen da, eta bizitza berregiteko asmoa du, anbizio handiko helburu baten bidez: eskualdeko Comte gaztarik onena ekoizten duen nekazaritza-lehiaketa irabaztea.
Zuzendariak unibertso berezi eta maitagarri bat eraiki du, non helduek ia ez duten presentziarik eta protagonista gazteen emozio, erabaki eta kontraesanak nagusitzen diren. Sentsibilitate nabarmenarekin eta klixeetara eta moralismoetara jo gabe, Courvoisierrek nerabezaroa zeharkatzen duen bizitzeko energia eta zaurgarritasuna harrapatzea lortzen du. Miseria dramatikotik aldenduta, landa-eremua umorez, maitasunez eta gordintasunez erakusten du, baina sentimentalismorik gabe.
Comte gazta garrantzitsua da narrazioan, baina ez du protagonismoa bereganatzen; Totoneren bizitza berrantolatzeko aitzakia baino ez da. Bizitza goitik behera aldatu dion ezbeharrari aurre egiteko, hortik ateratzeko, balio dion helburu bihurtzen da.
Aktore ez-profesionalek eta inguruneak jariatzen duen xarma bereziak ehuntzen dute istorioaren hari nagusia. Narrazioaren ardatza, gazteen errebeldiatik erantzukizunerako bidean, autoezagutzan eta haztearen esanahiaren aurkikuntzan kokatzen da. Zuzendariak begirada bero eta zintzoz kontatzen du trantsizio hori, eta istorioa komikoaren eta dramatikoaren artean naturaltasunez kulunkatzen da.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
