U. URRUTIKOETXEA
WASHINGTON

Trumpi Guardia Nazionalaren agintea kendu eta Kaliforniari itzuli diote

San Frantziskoko epaile batek hala ebatzi ondoren, atzo bertan Guardia Nazionala Los Angeleseko kaleetatik erretiratuko zela iragarri zuen Kaliforniako gobernadore Gavin Newsonek. Epaileek Donald Trump presidenteari eman dioten hamaikagarren astinaldia da hori. Hala ere, ez dirudi magnatea kikilduko duenik.

Guardia Nazionala, Los Angeleseko kaleetan.
Guardia Nazionala, Los Angeleseko kaleetan. (Robyn BECK | AFP)

San Frantziskoko Charles Breyer epaileak Kaliforniak eginiko salaketari arrazoi eman ostean, bertako gobernadore Gavin Newsom-ek iragarri zuen Los Angeleseko kaleetan ez dela Guardia Nazionaleko kiderik egongo. «ICEren sarekadatarako Guardia Nazionala erabiltzea bihar [gaur] eguerdian amaituko da», esan zuen epaia ezagutu eta berehala.

Migratzaileak atxilotzeko sarekaden aurkako protesta batzuetan indarkeria izan zela aitzakia hartuta, Donald Trumpek Kaliforniako Guardia Nazionala federalizatu zuen asteburuan; hau da, estatu horretako gobernadorearen ardurak hartuta, bere agintepean jarri zuen. Hasierako 2.000 kideen ostean, beste 1.000 bidali ditu Los Angeleseko kaleetara asteon.

Gobernadoreak astelehenean bertan iragarri zuen auzitegietara jotzeko asmoa, eta ostegun gauean [atzo goizaldean, Euskal Herrian], haren argudioen alde egin zuen epaileak. Honek bereziki kritikatu zuen Washingtonek erabakiari berrikusketa judizialik ezin zitzaiola egin defendatu izana. «Presidenteak matxinada dagoela esaten badu, matxinada omen dago. Zertan desberdintzen da hori monarka batek egiten duenetik?», galdetu zuen.

WATERGATEN FISKALA

Charles Breyer epailea Watergate eskandaluan fiskala izan zen, eta haren anaia AEBko Auzitegi Goreneko epaile izandakoa da. Newsom vs Trump ebazpenean argi eta garbi adierazten du Trumpen agindua legez kanpokoa zela; «prozeduraren hasierako fase honetan, auzitegiak ebatzi behar du ea presidenteak bere ekintzetan Kongresuak agindutako prozedurari jarraitu dion», idatzi zuen epaileak 36 orrialdeko aginduan. «Ez dio jarraitu. Bere ekintzak legez kanpokoak izan ziren; batetik, bere lege aginpidearen esparrua gainditzen zutelako eta, bestetik, Estatu Batuetako Konstituzioaren 10. Eranskina urratzen zutelako. Beraz, Kaliforniako Guardia Nazionalaren kontrola Kaliforniako Estatuko gobernadoreari itzuli behar dio berehala».

«Akusatuak [Trumpen Gobernuak] aldi baterako debekatua du Kaliforniako Guardia Nazionaleko kideak Los Angelesen hedatzea», idatzi zuen epaileak, eta, ondorioz, «Kaliforniako Guardia Nazionalaren kontrola Newsom gobernadoreari itzultzeko agintzen zaie». Agindua berehala indarrean sartu beharrean, biharamunera arte atzeratu zuen, Gobernuari helegitea aurkezteko epea emateko. Trumpen administrazioak berehala aurkeztu zuen.

SENATARI DEMOKRATA LATINOA, KALERA

Los Angeleseko istiluak mugatuak eta toki txiki batzuetan baino ez dira izan, inolaz ere 1992an hiri erdia sutan jarri zutenen neurrikoak. Baina Donald Trumpen agintepean dagoen borroka azaleratu du, migrazioaren aurkako oso agenda gogorra daukan Trumpen Gobernu federalaren eta haren aginduak betetzeko prest ez dagoen Kalifornia eta beste estatu demokrata batzuen agintea.

Borroka horren irudi esanguratsuenetako bat atzo Los Angeleseko Wilshire eraikin federalean gertatu zen: Barne Segurtasuneko idazkari Kristi Noem-en prentsaurreko batean, Alex Padilla Kaliforniako senatari demokrata galdera bat egitera zihoanean, hau indarrez gelatik atera, lurrera bota eta eskuburdinak jarri zizkioten, kameren aurrean.

«Galdera bat egin nahi duen senatari bati hau egiten badiote, pentsa zer egingo dieten etxaldeetako langileei, laborariei, sukaldariei, eta Kalifornian eta herrialde osoan jomugan dituzten beste etorkin ez-biolentoei, edo hitz egitera ausartzen den edozein estatubatuarri», salatu zuen senatariak.