Iker GURRUTXAGA
FERMIN MUGURUZA ANOETAN

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!

Estadio bat betetzeko erronkari heldu zion Fermin Muguruzak iaz, aurten oholtzan 40 urte betetzen zituela ospatzeko. Ez zen erronka makala, euskarazko proiektu batek ez baitzion aurretik halako bati heldu. Bada, heldu bazion heldu zion; atzo, 30.000 lagun baino gehiago batu zituen irundarrak, guda dantza erraldoi bat osatuz.

Muguruzaren txanda eguraldiagatik atzeratu zuen.
Muguruzaren txanda eguraldiagatik atzeratu zuen. (Jon URBE | FOKU)

Anoeta estadioko plaza dotore jarrita zegoen, aldarrikapen mezuz josita, okasiorako. «Etxera», «Palestina aske», «Guardetxea defendatu», «Genozidioa stop», «Euskal Herria, harrera herria», «Inor ez da ilegala», «Euskalduna bazara, hitz egidazu euskaraz», «Iñigo Cabacas eta Aitor Zabaleta gogoan», «Baxoa euskaraz», «Eraso matxistarik ez’», «Txiki eta Otaegi, 1975-2025»,’ eta beste asko irakur zitezkeen estadioaren bueltan. Aurkezle lanetan, Oihana Barrena eta Sambou Diaby.

Beroketa lanak egiten Stepi Selektah izan zen, bai sarreran eta baita kontzertuen tarteetan ere. Niña Coyote eta Chico Tornado izan zen lehen talde gonbidatua, ‘‘Atea’’ diskoa aurkezteko plaza dotorean. Bigarren estadioa donostiarrentzat, eta ez zuten hutsik egin beren emanaldi indartsuarekin. DAM talde palestinarrak eman zion jarraipena, hip-hop eta rap doinuekin, iaz 40 Minutu Rocken egin bezala. Beroketak bukatzeko, Des-Kontrolen txanda izan zen; Arrasateko punk taldeak eman zion azken bultzada, harik eta 21.30ean Fermin Muguruzaren txanda iritsi zen arte, eguraldiak atzeratuta.

Palestinaren aldeko argazkia berandutu egin zen, eguraldiak atzeratu zuen hori, baina itxaronaldiak merezi izan zuen. Bertaratuek Palestinako bandera bana eskuan zutela osatu zuten argazkia. Anoetak argi eta garbi egin zuen oihu: «Palestina, Askatu!»,

OSPAKIZUN ERREBELDEA

‘‘Maputxe’’ kantuarekin hasi zen emanaldia taldekideek eskainita, kanpoan jendea sartzeke zela. Atzetik sartu zen Fermin Muguruza, «Ongi etorri akelarre antifaxistara!« oihu eginez ‘‘Urrun’’ abestu aurretik. ‘‘Brigadistak Sound System’’ diskoko ‘‘Eguraldi lainotsua hiriburuan’’ abestiarekin segitu zuten aurrera, polizia gehiegi dagoela salatzen duen abestia, euskaraz eta frantsesez abestua. Arrazoirik falta ez zaion kantua, ezbairik gabe. Ea noiz galtzen duen gaurkotasuna. «Datorren urrian zazpi ekintzaile epaituko dituzte Korrikarekin batera hainbat migrantek Bidasoa gurutzatu zutelako», gogoratu zuen Ferminek Kortaturen ‘‘Hay algo aquí que va mal’’ abestu aurretik. Kantuen arteko zubia bikain egin zuen Muguruzak, batzuek moztu nahi duten zubi horri berari aipamena eginez.

Eguraldiagatik arriskuan egon ziren pantailetatik etorri ziren irudi dotoreak segidan, ‘‘Balazalak’’ kantua janzteko. Denetariko irudiak hitzei testuingurua jarriz, 2008ko ‘‘Asthmatic Lion Sound Systema’’ diskoko abestiari. Aldarrikapenekin segitu zuen aurrera Muguruzak: «Irutxuluko Hitzak esan moduan, Kortxoeneko teilatutik Anoeta estadiora. Ez dugu ahazten zein den lehen lerroa, badakigu non dagoen. Bihar Guardetxea defendatzen edota turistifikazioaren aurkako manifestazioan!» Hori esan eta Kortaturen ‘‘La linea de frente’’ abestia etorri zen, 1986ko ‘‘El estado de las cosas’’ diskokoa. Publikoa bero-bero, dantzan eta abesten, oihuka. Irudi ederra eskaini zuen Anoetak atzo.

Bakarkako bidera egin genuen salto hurrengo kantuekin berriz ere. ‘‘Berlin-Ulrike Meinhoff’’ reggae kantua etorri zen lehendabizi, Chalart 58 taldekidearekin ‘‘Black is beltza’’ diskorako egindako kantua. Eta gero, 2002ko ‘‘Inkomunikazioa/Komunikazioa’’ diskoko ‘‘In-Komunikazioa’’ etorri zen. Orduan, honakoa esan zuen Muguruzak: «Hau ez da kontzertu bat soilik, hau herri baten antolatzeko gaitasuna da, faxismoaren kontra!».

Horratx lehen ska kantua, bere ibilbidean garrantzia izan duen eta falta zen generoko kantua. Taldekideak bikain, haize sekzioak eta ahotsek goia lehenengoz jo zuten unea izan zen. Ez dituzte alferrik hainbeste entsegu ordu eta kontzertu eman elkarrekin. Dantzariak ere hor agertu ziren lehenengoz oholtzara.

«Free Nelson Mandela» koroetan eder abesten ari zirela etorri zen Kortaturen disko homonimoko aroan, 1985ean, sortutako ‘‘Desmond Tutu’’. Kontu bitxi batez jabetu ginen une horretan, Kortaturekin Jamaikako doinuak azkartu zituen bezala, orain bere 80etako kantuak Jamaikako abiadurara jaitsi dituela Muguruzak. Hego Afrikako aferatik Kurdistangora egin genuen salto ‘‘Newroz’’ kantuarekin; «Gernika kurdua» dio abestiak, eta hor ikusten da Euskal Herriaren eta Kurdistanen arteko lotura nola egin zuen Muguruzak. Ez zion alferrik eman izena ‘‘Brigadistak Sound System’’ diskoari, eta ez da alferrik ibili azken hilabeteotan munduan barna elkartasun mezuak eta iraultza mezuak zabaltzen.

‘‘Big Beñat’’ zetorren unean, halako geldialdi bat egin zuten eta Juantxo Arakama eta Bad Sound System taldeko Moro igo ziren oholtzara, Fermin Muguruzari omenaldi barra batzuk eskaintzera. «Euskara bizirik dago!» egin zuen oihu Arakamak. Behin hori eta gero, festak aurrera segitu zuen Korrikaren 12. edizioko kantuarekin. Eta festa gauerdia ondo pasatuta bukatuko zela nabarmena zen lerro hauek idazten bukatzerakoan, gonbidatu asko oholtzatik pasatzeke baitziren. Hartara, NAIZen webgunean izango duzue hemendik aurrera gertatu zena irakurtzeko aukera. Zorionak, Fermin, 40 urte hauek horrela ospatzeagatik. Eta gaurkoa galdu duenak, izango du aukerarik, harik eta urriaren 4an Nafarroa Arenan, Iruñean, bira bukatu bitartean.