Baffingo hormatzar batean, ekarpen bitxia

Ky Hart eta Erik Boomer eskalatzaileek Baffin uharteko urrutiko alderdi batean, Kangiqtualuk Uqquqti fiordoan, ‘Sikunga Express’ ibilbidea zabaldu dute. Baffin erabat erakargarria da, batez ere esplorazioa eta ukitu gabe dauden hormak bilatzen dituztenentzat. Azken hamarraldi hauetan uharte basati horrek hainbat eta hainbat espedizio jaso ditu; ez gehiegi, munduko beste bazter batzuekin alderatuta.
Nahiz eta ohiko denboraldia ez izan, Ky Hart eta Erik Boomer abenturaren bila abiatu ziren Baffingo alde bakartuetako batera. Esplorazioan oinarrituta, ukitu gabe zegoen murru luze bat aukeratu zuten. Eta 23 eguneko lan eskergaren ondoren, ‘Sikunga Express’ ibilbidea sortu zuten.
975 metro eta 19 luze ditu. Zailtasun teknikoak, berriz: 5.10, A3+ eta M7. Maila orokorra: VII. Jarduera horrek alpinismoaren zenbait atal jaso ditu: eskalada librea zein artifiziala eta mistoa. Protagonistek baieztatu dute zailtasun teknikoak iraunkorrak izan zirela.
Boomerrek adierazi du joan den maiatzean Kanadako uharte handienera eskarmentu berrien bila joan zirela: «Uhartearen ekialdean murru luze birjin bat eskalatu nahi genuen. Eta, zorionez, gure plana bikain atera zitzaigun; izan ere, Clyde ibaiaren iparraldean, Kangiqtualauk Uqquqti fiordoan (garai batean Sam Ford izena izan zuen), gogor borrokatzen ibili ginen. Alderdi horri Artikoko Yosemitea deitzen diote».
Maiatzaren 1etik 23ra ekarpen berria egin zuten; horietatik 20 egun horman zintzilikatuta igaro zituzten. Oro har, eskaladaz gain, Baffingo klima kudeatu behar izan zuten. Tenperatura beroena: -7º. Batez bestekoa, berriz: -15º. Horrez gain, ekaitzen mende egon ziren.
«HELBURUA LORTUTA»
Aukeratutako paretara hurbiltzeko, bi eskalatzaileek onartu dute beren kabuz bidaiatu nahi izan zutela. Han zeudela, «hor hasi zen borroka. Luze batzuk oso zorrotzak eta nahasiak izan ziren. Arroka ez zen batere egonkorra, eta horregatik luze batzuk artifizialean gainditu genituen. Oro har, oso interesgarria izan zen, batez ere eskalada askearen, artifizialaren eta mistoaren nahasketa izan zelako».
Haizetea baretu ondoren, albo-kalte ugari izan zituzten, besteak beste, erabiltzen ari ziren lau soketatik hiru txikituta geratu ziren. Alabaina, gailurretik hurbil ziren, eta baldintza kaskarretan eskalatzen jarraitu zuten. Bat-batean eguraldia aldatu zen, eta bero sargoriarekin ‘Sikunga Express’ amaitu ahal izan zuten.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
