Bruce Springsteen & The E Street Band Donostiara bueltan dira
2016ko maiatzaren 17an jo zuen azken aldiz Euskal Herrian. Bederatzi urte igarota, bueltan da Bruce Springsteen. The E Street Bandeko kideak ondoan dituela, nola ez. Anoeta estadioko agertokia bi aldiz zapalduko du, bihar eta datorren asteartean.

«Donostia izango da jardungo duen Europako hamar hirietako bat», azpimarratu zuen Iñigo Argomanizek. «Bakoitzak nahi duen bezala interpreta dezala, kontuan hartuta ez dela hiriburua», gaineratu zuen.
Airean utzi zuen Bruce Springsteenek hiriarekin duen «lotura estua».
Iazko urriaren 1a zen. Urgentziazko prentsa agerraldia egin zuen musika-sustapenerako Get In enpresako buruak estatubatuar musika konpositore, gitarrista eta abeslariaren kontzertua iragartzeko. «Ez da egun batetik bestera gertatzen; lan handia dago atzean», nabarmendu zuen. Ondoan izan zituen Eider Mendoza diputatu nagusia eta Eneko Goya Donostiako alkatea, pozarren.
Handik astebetera, eromena zaleen artean. Ekainaren 21erako sarrera denak di-da batean salduta, bigarren data jarri zuen: ekainak 24.
Gipuzkoako hiriburukoak dira “Land of Hope & Dreams” biraren barruan Euskal Herrian eta Estatu espainolean egingo dituen zuzeneko bakarrak. Bi kontzertu hauekin sei izango dira Bruce Springsteenek bere jarraitzaileei Donostian eskaini dizkien emanaldiak, azkena 2016an, bere talde The E Street Band-ekin.
Zaleak ilara (zenbaki bidezko sistemaz antolatuta) egiten ari dira azken egunotan estadioaren kanpoaldean. Hiriko hoteletako logelak beteta daude egunotarako, Springsteenek rockzaleen artean pizten duen grinaren seinale. Dbusek zerbitzu berezia eskainiko du.
Behin Realak 2024-25 denboraldiari agur esanda, Anoeta estadioko zelaia prest dago gisa honetako kontzertu handietarako. Fermin Muguruzaren zuzenekoa hartu zuen joan den asteburuan, adibidez.
ARRAKASTAREN APARREAN
140 milioi disko baino gehiago saldu ditu New Jerseyko musikariak mundu osoan, horietatik 70 milioi baino gehiago Estatu Batuetan.
Arrakastaren aparrean hamarkadak daramatza The Boss-ek. “Born to Run” (1975) itzela, “Darkness of the Edge of Town” (1978), “The River” (1980) ahaztezina, eta kontsolidazioa ekarri zion “Born in the U.S.A.” (1984) bezalako lanak sinatu ditu. Atzetik etorri ziren beste batzuen artean “Lucky Town”, “Tunnel of Love” (1987) eta “Wrecking “Ball” (2012). 2020an “Letter to You” argitaratu zuen, The E Street Bandekin itzulera suposatu zuen lana. Eta 2022an, “Only The Strong Survive”.
Makina bat sari eskuratu ditu. Bere herriari eta bereziki herria osatzen duten herritarrei kantatu die. Eta AEBko kanpo-politikarekiko ahots kritikoa dela ezin ahantzi.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
