GARA
URRETXU

Ainhoa Barbarin baldintzapean aske geratu da, 23 urte preso eman ondoren

Ainhoa Barbarin Iurrebaso Urretxuko preso politikoa baldintzapean aske utzi dute, Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez, Etxeratek atzo jakinarazi zuenez.

Urretxuarrak 23 urte zeramatzan preso. 2021eko apirilean Picassenteko espetxetik (600 kilometrora) Euskal Herrira hurbildu zuten, eta 2022ko urrian hirugarren gradua eskuratu zuen, Martuteneko kartzelako tratamendu batzordeak horrela proposatu ostean, Lakuako Justizia Sailaren erabakiaren ondorioz.

Auzitegi Nazionalak euskal presoen kalerako lege bidezko progresioaren aurka abiatutako oldarraldiaren jomuga izan zen, eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak hirugarren gradua kendu eta espetxera itzularazi zuen, 2023ko otsailean. Uztailean berriro onartu zioten hirugarren gradua, baina orduko hartan Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta kartzelara bueltarazi zuten. Izan ere, legean eginiko aldaketa baten bitartez, fiskalak helegitea aurkeztea nahikoa da presoa berriz automatikoki espetxeratzeko, Auzitegi Nazionalak erabaki bitartean.

2024ko otsailean berriro hirugarren gradua ezarri zioten.