MARKEL GARZON GOITIA
BILBO

Bilboko Euskal Museoak 2026ko maiatzeanirekiko ditu berriz ere ateak

Bilboko Euskal Museoa eraberritzeko obrak ikusteko bisita instituzionala egin zuten atzo. Museoko zuzendariak iragarri zuenez, 2026ko maiatzerako bisitariak jasotzeko prest egongo da berriro. Hogei milioi euroko inbertsioa egin dute.

Bilboko Euskal Museoaren obretara eginiko bisita.
Bilboko Euskal Museoaren obretara eginiko bisita. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Sorkunde Aiarza museoko zuzendariaren gidaritzapean, Bilboko Euskal Museoa eraberritzeko obrak ikusteko aukera izan zuten ostegun goizean Bilboko eta Bizkaiko kargudun instituzionalek, obraren arduradunekin eta arkitektoekin batera.

Bisitan, Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, egon ziren.

2022. urteko urrian itxi zituen ateak Euskal Museoak «berritze integrala» burutzeko asmoz. Gaur egun, eraberritze obrak museoa handitzeko azken fasean sartu dira, eta, Aiarzak jakinarazi zuenez, 2026ko maiatzean irekiko dituzte berriz ere ateak. Horrez gain, berritasun handi bat iragarri zuen museoko zuzendariak: 6.400 metro koadro baino gehiagoko azalera izango du museoak, lehen baino %38 handiagoa.

Handitze fase horretan sartuta, lau eraikinetako (Kurtze, Miserikordia, Unamuno eta Klaustroa) solairuak «armatzen» ari direla esplikatu zuen Aiartzak. Egituren ezaugarriengatik «oso konplexua» izan dela aitortu zuen.

Lehenengo eta bigarren solairuen azken aurrerapenak ikusteko aukera izan zuten bisitariek. Dena den, Aiarzak geldialdi bat egin zuen museoaren «harribitxia» izango dena erakusteko: Miserikordia eraikinaren “enbor arina”.

Horren harira, museoa berritzeko ardura duen Antonio Vaillo arkitektoak hartu zuen hitza, enbor arinari buruz mintzatzeko: «Elementu arkitektoniko horrek modu metaforikoan irudikatzen du euskal kulturaren euskarri den zuhaitzaren enborra».

Elementu arkitektoniko berezi hori Miserikordia eraikinean dago. Eraikin horretan dagoeneko erabat hustu dituzte forjatuak eta estalkiak. Enbor arinaren xehetasun tekniko eta kontzeptualei dagokienez, modu berezian gauzatu nahi izan da “Aretz bizia” kontzeptua, hain zuzen, luzetarako nabe horretan eraikitzen ari diren atari handian, proiektu arkitektoniko eta museografiko honen balioak irudikatzen eta adierazten dituen espazio bihurtzeko.

20 MILIOI EUROKO INBERTSIOA

Bilboko Euskal Museoaren berritzea azken «hazkunde-fasean» dagoen honetan, Aburtok jakinarazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 20.077.966,83 euroko inbertsioa egin dutela museoren itxuraldaketan.

Bisita amaitu ondoren eta proiektua aurrera doala ikusita, «izugarrizko poza» hartu zuela aitortu zuen Aburtok. Izan ere, birmoldaketa lanen helburua «museoa abangoardiako zentro» bihurtzea eta euskal kulturarako nazioarteko «ate bat» izatea da; hala adierazi zuen museoko zuzendariak.

2026, MUSEOEN URTEA

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia obraren aurrerapenei buruz jardun zen bisitaldia egin ostean. «Kanpotik datozen bisitariek gure kulturarekiko eta gure hizkuntzarekiko jakin-mina asetzeko aukera paregabea da», esan zuen.

Horretaz gain, Bizkaiko hiriburuan kulturak hartzen duen «izugarrizko garrantzia» nabarmendu zuen. Izan ere, 2026an Bilboko Euskal Museoa ez ezik, Bilboko Arte Ederren museoak ere ateak irekiko ditu berriz ere. «Datorren urtea oso garrantzitsua izango da Bilboko eta Bizkaiko museogintzarako. Euskalduna jauregian European Museum of the Year Awards (EMYA) [Europako Museoaren Urteko Saria] sarien banaketa jasoko dugu, eta, horren ondorioz, museogintzako epizentroa Bizkaiko hiriburuan izango dugu», eman zuen aditzera.