Espanyolen jokatuko du Kike Garciak

Inor ez zuen ezustean hartu, baina Deportivo Alaveseko zaleek falta igarriko dute Kike Garcia bezalako jokalari bat joanda. Aurrelariak agur esan zuen atzo, Espanyolera joan aurretik.
Babazorroen taldeak Lehen Mailari eustea lortu zuen azken txanpan, eta arrazoietako bat Kike Garciaren maila izan da. Aurrelariak 15 gol -13 Ligan eta 2 kopan- sartu zituen duela aste batzuk amaitutako 2024-25 denboraldian. Eta bere azken gola, hain zuzen ere, Valladoliden aurka sartu zuen, taldeak Lehen Mailan jokatzen jarraitzeko.
Alavesek kontratua berritzea proposatu zion, baina bere ibilbidean beste erronka batzuei heldu nahi die eta talde babazorroarekin 70 neurketa jokatuta agur esango du.
Klubak prentsa ohar batean adierazi zuenez, «Deportivo Alavesek Lehen Mailan erdietsitako 700. golaren egilea izanik, aurrelaria klub babazorroko golegile historiko nagusien sailkapen ospetsuan sartu da denboraldi honetan, bere 15 golei esker».
Horregatik, argi eta garbi esan zuen Kike Garciak: «Oroitzapen ezabaezina utziz amaitu dut Deportivo Alaveseko etapa». «Bere profesionaltasun eta ibilbide eredugarriagatik, egindako ahaleginagatik, ikurrarekiko erakutsitako konpromisoagatik eta izan duen hurbiltasun eta apaltasunagatik, Deportivo Alavesek bere esker ona baino ezin du adierazi, etorkizunerako zorte handia opaz», amaitu zuen.
«PENAREKIN, BAINA HARRO»
Kike Garcia badoa, baina ez ditu koloreak asko aldatuko, Espanyolera baitoa datozen bi denboraldietarako, talde katalanak jakinarazi zuenez.
Motilla del Palancar herriko jokalaria 2023ko abuztuan iritsi zen Gasteizera, beste bi urtez Osasunan egon eta gero. Talde gorritxoan lehiakortasun handia zuen Budimirrekin, eta Raul Garcia de Haroren etorrerak maletak egitera behartu zuen. Ez zitzaion gaizki etorri. Egia da Samu Omorodionek protagonismo handia izan zuela, baina Kikek lana eta esfortzua eskaini zituen.
Bere agurrean, argi esan zuen «pena handiarekin» doala, «baina lana ondo egiteaz harro». Eta Alaveseko zaleei, «munduko onenei», ere mezua bidali zien: «Etxean bezala sentiarazi nauzue. Nire bihotzean beti eramango ditudan bi urte zoragarri izan dira».
«Nire taldekide guztiei, klubeko langileei eta, nola ez, nire entrenatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet», amaitu zuen Kike Garciak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
