Iraitz MATEO
DONOSTIA

Ezagutza zabaltzea eta erabilera bermatzea, «jauziaren» oinarriak

Euskalgintzaren Kontseiluak Batuz Aldatu dinamikako Talde Eragilearekin batera zirriborratzen ari diren Itun Soziopolitikorako lehen edukien berri eman zuen atzo hedabideen aurrean. Irailean aurkeztuko dute ituna.

Alberdi, Eskisabel, Blanco eta Arenaza, Talde Eragileko kideak, atzoko agerraldian.
Alberdi, Eskisabel, Blanco eta Arenaza, Talde Eragileko kideak, atzoko agerraldian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Etorkizuneko hizkuntza politikaren oinarriak: euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta erabilerarako baldintzak sortzea». Horiek dira, Batuz Aldatu adostasun sozialerako Talde Eragilearen eta Euskalgintzaren Kontseiluaren aburuz, euskararen biziberritzearen aldeko Itun Soziopolitiko berriaren oinarriak. Irailean aurkeztuko dute proposamenaren dokumentua, akordioaren sinatzaileek ekarpenak egin eta onartu ondoren.

Atzo goizean egin zuten prentsaurrekoa Donostiako Miramonen Euskalgintzaren Kontseiluak eta Itun Soziopolitikoa zirriborratzen dabilen Talde Eragileak. Bertan izan ziren Idurre Eskisabel idazkari nagusia, Aitziber Blanco elkarrizketa prozesuaren dinamizatzailea, Igor Arenaza Athletic Club Fundazioko kidea eta Leire Alberdi Euskal Kontsumitzaileen Elkarteko kidea.

Idazkari nagusiak azaldu zuen jauzia zein ituna bi oinarriren gainean egin behar dela adostu dutela: ezagutza unibertsalizatzea eta erabilerarako baldintzak sortzea. Bi oinarri horiek kontuan hartuz orain arteko hizkuntza politiken eredua «gainditu» beharra dagoela ohartarazi zuen Eskisabelek: «Indarrean dagoen ereduak bi hiztun komunitate -erdaldunak eta euskaldunak- bereizten ditu, zeinean euskaldunen komunitateari eskubide batzuk aitortzen zaizkion. Hau da, ‘minorientzat’ eginiko politikak dira». Aitortzan oinarritutako eskubideetatik «euskararen jabe izateko bultzada» falta dela gehitu zuen.

Adostutako oinarriei loturik, herritar guztiei euskara bermatuko dieten politikak exijitu zituzten, «elebidun euskaldunak izan daitezen eta euskaraz ulertu eta hitz egiteko baldintza eta oztoporik izan ez dezaten». Jarraian hau gehitu zuen: «Paradigma aldaketa bat dakar horrek. Bi oinarri hauen gainean eraikitzen ez diren politikek gizarte segregazioa betikotzeko eta areagotzeko arriskua ekar dezakete, gizatalde ugariren garapen pertsonal, sozial eta profesionala mugatuz».

ADOSTASUN SOZIALA

Kontseiluak adierazi zuen euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua «hizkuntza baten berreskurapenaz haragoko» zerbait dela: «Eraldaketa soziala elkarbizitzarekin, justizia sozialarekin, gizarte kohesioarekin, eta funtsean, demokratizazioarekin lotutako prozesua da». Eta hori bidean parte hartzen ari diren eragile sozialek hartutako konpromisoak erakutsi duela aitortu zuen Idurre Eskisabelek: «Eragile sozialen konpromisoak erakusten du pultsio handi bat dagoela euskararen normalizazioaren alde».

«Hizkuntza politiketan egin beharreko jauziaren berme izango den itun soziopolitiko berriaren edukiak zehaztear gaude», aurreratu zuen idazkari nagusiak eta jauzia izango den itunaren zumeak jada mahai gainean dituztela argitu zuen. Estatusaren auzian, hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, eremu sozioekonomikoan, administrazioan, aisialdian, eremu digitalean, kulturan… egin beharreko «jauziak» proposatzeko azken lanetan dabil taldea.

Alberdik eta Arenazak aitortu zuten prozesu «aberasgarria» izaten ari dela prozesua, eta eragile sozialen partaidetza beharrezkoa dela.