Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Herri-lanak, ustelak uste!

Ama, ama! Uda atzo hasi eta jadanik hasia naiz egunaren laburtzea igartzen. Kolpea gero, udaren abiagunean negua gertuago izatea! Hori bai, Gazan lehengo neguan segituko, lurralde arabiar batzuetan izandako udaberri fasetik pasa gabeko negu gorrian. Total, udan udakoa, ikastaroak! Kreditu banaketa handik eta hortik, curriculumean gehigarri, eta gerokoa geroko. Izan ere, etorkizuna ez dago inon idatzita, eta hau ona da, geroa espazio zabal irekia delako; arazoa da beste batzuen esku uzten denean geroaren narratiba… eta idazkera…

Harira Murgoitio! Itxura batean urte-sasoi aproposa oraingo hau, ustelkeria kasuak loratu daitezen, edo loratu ditzaten, zoru etiko kutsatuetan loratu betiere. Nork-Nori-Zenbat. Ondorioz, osasun itun sano batek aginduko lukeen legez, azken urte askotako proiektuak berrikusteko denbora hartuko dute hemengo administrazio batzuek, bai, azalkeriaz herri-lanak esaten diren horiek. Sanokeria lupapean.

Hortaz, tunelak eta zubibideak, kate berean susmagarri; tunelak gehiago, itsuan aritzeko aukerak berezkoak dauzkatelako lurpeko bideok. Ez dakit adimen artifiziala konturatu ote den, baina tunel barrukoak, gauez ere, argi gehiago eskaintzen du kanpoko eguzkiak baino. Kontua da ikuskatzailearen begiak lurpeko argi horretara egokitzea. Udako ikastaro luze baterako gidoi emankorra: Herri-lanetako lanak zein puntutaraino diren herri! Ala antzezlan ote!

Eta udan ere hiztegi arazoak nonahi. Horra G7ko bilera. Zazpiak bat? Bai zera! Momentuz 6+1. Mendi Harritsuetan izan omen da bilkura antzeko zer hori. Harritsuak? Ez, Arrokatsuak! Harria eta arroka ez baita gauza bera. Hangoak arrokak dira, zin dagit! Harriak beharrezko Intifadetan elikagai. Arrokak, lurralde libreen substratu fisikoa.