Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Adam Ondrak flash eran kateatu du trad estiloko bide ingeles gogorrena

Txekiarrak Ingalaterrara eginiko bisita labur batean, Lake District-en dagoen Lexicon marran (E11 7a) erakustaldi handia eman du, beldurra eraginez.

Adam Ondra eskalatzailea, ahaleginean.
Adam Ondra eskalatzailea, ahaleginean. (ADAM ONDRA)

Nahiz eta kirol eskaladan benetako txokoa egin, Adam Ondrak erakutsi du eskaladako estilo edo modalitate ezberdinetan bikain moldatzen dela. Zehazki esanda, horietan ere maila gorenean dabil.

Azken asteak horren guztiaren isla izan dira. Fontainebleaura bisita egin eta, besteak beste, sona handia duen alde horretan gai izan zen Soudain Seul (9a) sinatzeko.

Estatu frantsesetik Britainia Handira bidaiatu zuen, eta Ingalaterran erabat aldatu zuen estiloz. Eskalada tradizionala edo trad estiloa, hain zuen. Eta berriro eskaladaren komunitatea ahoa bete hortz utzi du ‘etxeko’ eskalatzaileak.

Lexicon bidea zuen helburu; hots, bide ingeles gogorrena (E11, 7a). Neil Gresham izan zen ibilbide hori igo zuen lehena. Ondoren, beste sei errepikapen jaso ditu. Azkena, Ondrarena. Baina beste guztiek ez bezala, azken horrek plus bat izan du; izan ere, txekiarrak flash eran kateatu du.

Gogora dezagun Lexiconek gure eskalan 8b+ maila duela, baina balizko eroriko baten aurrean oso arriskutsua da. Adibidez, marraren ia irteeran dagoen 7c zailtasuneko blokean akats bat egiten bada, 25 metroko erorikoa dago.

Bada, Ondrak apustu sendoa egin zuen Lexicon flash eran sinatzeko, eta xedea erdietsi zuen.

Jarduera handi hori biribildu bezain laster, Ondrak onartu zuen une oso bereziak bizi izan zituela: «Izaera horretako bideetan aseguratzea ez da erraza, eta nik Neil Greshamen laguntza izan nuen. Igoeraren zati batzuetan beldurra izan nuen, den-dena eman nuen, bihotzak oso azkar egiten zituen taupadak… Azken erlaitza zain nuen. Zorionez, eroriko luze hori saihestu nuen!».

ETIKA BIKAINA

Greshamek onartu du Ondraren etika bikaina izan dela: «Benetako flash era garbia izan da. Ez zuen Lexicon rappelatu. Bidearen heldulekuak ez zituen ukitu eta bertatik bertara aztertu. Ondoan dagoen Astratik aztertu zituen. Igoerari dagokionez, onartu behar dut azken berrogei urteotan ikusi dudan ikaragarriena izan dela. Erabateko sendotasunez igo zuen. Oraindik zaila egiten zait ikusitakoa prozesatzea».

Ondrak bikain kudeatu zuen muturreko trad estiloko bide hori. Baten batek esan dezake kirol eskaladan 9c maila duela eta trad estiloan 8b+ flash eran egitea ez dela ikaragarria. Baina uste dugu Greshamek berak iritzi horri erantzun egokia eman diola.