Hiru langile hil dira 24 orduan, horietako bi basolanetan
Hogeita lau orduko tartean istripuz hiru langile hil direla salatu zuen atzo LABek, denak lanean; bi basolanetan zebiltzala Altsasun eta Eskoriatzan, eta bestea, Donostian, istripu ez traumatikoan.

E.A.M.C. langileari istripu hilgarria gertatu zitzaion atzo Eskoriatzan basolanetan zebilela. Adar batek jota hil zen, LAB sindikatuak ezagutzera eman zuenez. 24 orduko tartean lanean bizia galdu zuen hirugarren langilea zen; bigarrena basolanetan zebilela hil zen astelehenean Altsasun, eta hirugarren lan heriotza Donostian gertatu zen, istripu ez traumatikoan; belarra kentzen ari zela, belauniko; azpikontratatua zen eta 63 urte zituen.
Altsasuko istripuaz, LABek jakin du hildako langilea Logroñoko enpresa batek kontratatua zela. «Honek esan nahi du hildako langile hau ez dela Nafarroako zenbaketa ofizialean jasoko eta heriotza gertatu ez balitz bezala jokatuko duela Chiviteren Exekutiboak», salatu zuen.
«Azken urteetako istripu tasa izugarrien atzean enpresek lanerako araudia ez betetzea dago, atzoko heriotzarekin gertatu den bezala. Heriotzen atzean, beraz, arduradunak daude, nahiz eta gobernuek arduradun horiek, enpresariak, itsuki babesten jarraitzen duten», nabarmentzen zuen LABek prentsa oharrean.
Eskoriatzan gertatutako istripu hilgarriaz azaldu zuen adar batek jota hil zela E.A.M.C. langilea eta beste daturik ez zuela, «ofizialki aitortua izan dela soilik».
AZPIKONTRATATUA
Donostian hildako beharginari dagokionez, 63 urte zituela azpimarratu zuen LABek, baldintza kaskarretan azpikontratatuta zegoela eta beropean lanean ari zela.
Parques Historicos 2023 aldi baterako enpresen elkarterako lanean ari zen, Aiete auzoko lorategi batean, Udalak azpikontratatuta.
«Prebentzio falta da -gehitu zuen- heriotzen arduradun bakarra. Langileok hiltzen gara, ez enpresariak. Gero eta nabarmenagoa da, gainera, prebentzio araudiaren ez betetzea orokortua dagoela eta honen aurrean neurri gogorrak hartu beharra dagoela», esan zuen.
«Patronalak zein gobernuek absentismoaren mamua zabaltzen duten bitartean, langileok bizitza galtzen dugu lanean», gaitzetsi zuen gogor.
Ildo beretik, CCOO sindikatuak hau adierazi zuen: «Lan istripu hilgarri batek, pertsona baten bizitza kentzeaz gain, eragin suntsitzailea du bere familian eta lan-ingurunean».
Hala, Altsasun gertatutako lan istripuaren nondik norakoak ikertzeko eskatu zuen Errioxako CCOOk, hildako langileak 45 urte zituela gaineratuta.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
