Larrialdi zerbitzurik gabe gelditzeko zorian daude Hego Lapurdin
Jakina zen Donibane Lohizuneko Poliklinikako larrialdi zerbitzuaren funtzionamendua ez zela ehuneko ehunean ziurtatua izanen uda honetan. Alta, zerbitzua irailean guziz eteteko dagoen arriskuari buruz ohartarazi zuen atzo Peio Dufau EH Baiko diputatuak frantziar Asanblea Nazionalean.
Oroitzearren, Mediabask hedabideak ekainaren hastapenean argitaratu zuenez, uztail eta agorrilean zerbitzuaren eskaintza %85-90ekoa izanen zela jakinarazi zuen Hego Lapurdiko erietxe pribatuaren zuzendaritzak.
Peio Dufau diputatuak frantziar Asanblea Nazionalean atzo egin zuen hitzartzeak agerian utzi zuen arriskuaren tamaina. Poliklinikak ez du larrialdietako zerbitzua ematen jarraitzeko desmartxa administratiboa burutu. Gauzak horrela, irailaren 16tik aitzina larrialdiak hetsiko ditu.
40.000 biztanle dituen eskualde batean, zerbitzu publikoaren ordez, interes pribatuen mesedetan eginiko hautua «onartezina» dela adierazi zuen EH Baiko hautetsiak.
Gauzak horrela, larrialdi zerbitzuen egoera kritikoari erantzuteko zer egiteko prest den galdetu zion euskal diputatuak Yannick Neuder frantziar Osasun ministroari.
MOBILIZAZIOA OSTIRALEAN
Batez beste, ehun bat herritar bertaratzen dira udako hilabeteetan Poliklinikako larrialdietara egoera salatzeko.
Horren harira, eta biztanle gehienak babestuko dituen zerbitzua galdetzeko, ekainaren 27an, ostiralarekin, arratsaldeko 19.00etan, erietxearen aitzinean elkarretaratzea egiteko deia egin zuen Dufauk.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
