Haizpea ABRISKETA-Maite UBIRIA

Aterpetze turistikoa %16 murriztu da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan

Zer-nolako aurreikuspenak daude aurtengo udako sasoiari begira? Iaz neurtu zen erreserba maila bera erakusten dute bere zuzendaritza berritu duen Pirinio Atlantikoetako Departamenduko turismo agentziak (ADT64) emandako datuek. Hala ere, erosteko ahalmenaren apaltzeak eta egoitzen eskaintzaren murrizketak ziurgabetasuna dakarte.

Turistak Biarritz ezagutzen.
Turistak Biarritz ezagutzen. (Guillaume FAUVEAU)

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko turismo agentziak (ADT64) badu buru berri bat. Philippe Campak hartu dio lekukoa Denis Ulangari, elkarteko zuzendari gisa. Elkarteak Biarnon zein Ipar Euskal Herrian garatzen duen lanari «ikusgarritasuna ematea» da zuzendaritza berriaren xedea.

Era berean, Max Brisson agentziako presidenteordeak hainbat eginkizun zerrendatu zituen: turismoaren alorreko eragileei eskainiriko laguntza indartzea, batez ere ostalaritzaren sektoreari begira, eta «lurraldeko errealitate ezberdinetara egokitzea». Zentzu horretan, «bisitariak aterpetzeko eskaintzak jasan duen murrizketa gelditzea» beharrezkotzat jo zuen. ADT64ren datuen arabera, %16 murriztu da aterpetze turistikoa.

Alokatze turistikoen etengabeko hazkundeari muga bat emateko, Euskal Hirigune Elkargoak plantan ezarritako arautegi berriaren ondorioetako bat litzateke aipaturiko eskaintzaren apaltzea. Hautetsi kontserbadoreak argitu zuenez, aintzat hartzen du dispositibo hori, baina denbora berean, turismo sektorearen garapenari laguntzeko neurriak plantan eman behar direla defendatu zuen.

ADT64 elkartearen presidente gisa jardunen duen Jacques Pedehontaa bearnotarrak eskaintza turistikoa gehiago garatzeko «departamenduak duen potentzial handia» azpimarratu zuen. Defendatu zuen eskaintza hedatu behar dela, bereziki uda sasoitik kanpo.

Aurtengo lehen hilabeteetako zifrak eskuetan, turisten gaualdiak %4 apaldu dira Ipar Euskal Herria barne den departamenduan. Horren ordez, mendiko eremuan turismo jarduera %11 emendatu zen urtarril eta martxoaren artean. Pedehontaak zehaztu zuenez, «Frantziako merkatua %7 murriztu da, erosteko ahalmena apaldu egin baita».

Galera hori orekatzera dator mugaz bestaldetik heldutako bisitari kopurua, %49 emendatu baitira Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroatik datozen bisitariak.

GIPUZKOAKO TURISMO PLANA

Gipuzkoan, 2030erako Turismo Plan Estrategikoa aurkeztu zuen atzo Azahara Dominguez diputatuak. Planak «Etorri eta zaindu gaitzazu» izango du lelo; «Etorri eta konta ezazu» lelo arrakastatsutik gertatutako eboluzioaren emaitza.

Lurraldearen eta bertako jendearen zaintzan jarriko du fokua planak, turismoa «aberastasunaren, oparotasunaren eta kultur trukearen iturri izan dadin, garena zainduz beti».