Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Txipiroiak eta marrazoak

Orain dela hiru urte, Hego Koreako telesail bat fenomeno bilakatu zen mundu osoan: “Squid Game” (“Txipiroiaren jokoa”). Milioika pertsonek jarraitu zuten seriea, eta historiako ikusienetako bat izan da.

Arrakastaren arrazoia aztertzea oso zaila bada ere, gidoi zirraragarriak, pertsonaien garapen sakonak eta kritika sozial gordinak zerikusi handia izan zutela iruditzen zait. Baina, batez ere, gakoa tokian bertan dago: Hego Koreako errealitate sozial eta kulturalak dira telesailaren benetako oinarria. Elementu lokalak diren arren, islatzen duten gatazka unibertsala da.

Bigarren denboraldia 2025eko hasieran iritsi zen, eta gaur bertan helduko da hirugarrena.

Lortu duen guztia itzela bada ere, telesail honi ahalik azkarrena bukaera eman beharko litzaiokeela iruditzen zait. Bestela, «jumping the shark» (marrazoaren gainetik jauzi egitea) egiteko arriskua izango du, hau da, gehiegi luzatzearen arriskua.

Kontzeptu hau 1977ko “Happy Days” izeneko telesailetik dator: protagonistak ur-eskiekin marrazo baten gainetik salto egiten du telesaileko une zehatz batean. Ikusle askok, une horretatik aurrera, telesaila jarraitzeari utzi zioten; argudiatuz gertaera horrek ez zuela inolako zentzurik eta telesailak koherentzia galdu zuela.

Beraz, telesail honen joko odoltsuak goratu ditugun arren, txipiroien eta marrazoen bideek bananduta jarrai dezatela espero dut.