A. IBARRA eta T. PERON
BAIONA

Euskal Hirigune Elkargoak azkenekoz abisatu du Paris, EEPren aurrekontua onar dezan

Euskal Hirigune Elkargoaren bilkura, apirilean.
Euskal Hirigune Elkargoaren bilkura, apirilean. (Guillaume FAUVEAU)

Hedabideen aurrean atzo eginiko agerraldian, ohartarazi zuen Euskal Hirigune Elkargoak ez duela bozkatuko Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) hitzarmenaren berritzea, frantziar Estatuak 300.000 euroko parekotasuneko ekarpena egiten ez badu. Orain, sei hilabeteko tartea dago akordio bat lortzeko.

Hain zuzen ere, Jean-Rene Etchegaray lehendakariak eta Antton Curutcharry hizkuntza politikaz arduratzen den lehendakariordeak frantziar Estatuari eskatu zioten bere ekarpena 300.000 euroko parekotasunera emendatu dezala.

Izan ere, herenegun, ekainaren 26an, Baionan eginiko EEPren Biltzar Nagusian, «Pirinio Atlantikoetako prefet Jean-Marie Girier jaunak jakinarazi zuen Estatuak 2025eko aurrekonturako bere oinarrizko ekarpena 100.000 euroan handituko zuela, 960.000 eurora iritsiz», azaldu zuten Euskal Hirigune Elkargoaren ordezkariek.

Zifra hori urrun dago aurrez aipaturiko beharretatik. Elkargoak gogorarazi zuenez, «zenbateko hori ez da aski 2023ko uztaileko Biltzar Nagusian aurkezturiko hizkuntza politikaren beharrak asetzeko». Orduan, «2,6 milioi euroko osagarriaren beharra agerian utzi zen, hau da, 650.000 euroko parekotasuneko ekarpena partaide bakoitzarentzat (Estatua, Akitania Berria Eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa)».

300.000 EURO

Atzo eginiko agerraldian azaldu zutenez, azken hilabeteetan frantziar Estatuak aterabide horren aldeko jarrera erakutsi du, eta ezustean harrapatu zituen herenegun prefetak eginiko iragarpenak. «Zenbatekoaren ikuspegitik, ez die erantzuten kolektiboki definitutako hizkuntza politikaren beharrei», salatu zuten.

Hori dela eta, Etchegarayk eta Curutcharryk Estatuari bere ekarpena 300.000 euroko parekotasunera emendatzea eskatu zioten, eta «hala egin ezean, Euskal Hirigune Elkargoak ez du bozkatuko 2025eko abenduaren 31n iraungiko den Euskararen Erakunde Publikoaren sorrerako hitzarmenaren berritzea».

Gainera, Antton Curutcharryk hitzez hitz ohartarazi du: «Ekarpena emendatu ezean, EEPren izatea ezinen da luzatu». Horren aitzinean, zubiak eraiki nahiko lituzke partaideen artean.