Karakorum mendilerroan lehen igoera azpimarragarriak egin dituzte
Ethan Berman, Maarten van Haeren eta Sebastian Pelletti alpinistek Ultar Sar mendiaren (7.388 m) hego-ekialdeko zutoina zabaldu dute, eta Mueez Uddinek eta Mathieu Maynadierrek, berriz, ibilbide berria sortu dute Spantik-en (7.027 m).

Karakorum mendilerroak zabaldu ditu udako denboraldiaren ateak. Ongietorri berri honetan oraindik zortzimilakoek ez dute protagonismorik izan; bai, ordea, pixka bat txikiagoak diren mendiek; adibidez, zazpimilakoek. Espedizio batzuk hasi dira emaitzen berri ematen, eta, horien artean, momentuz, azpimarra berezia du hirukote batek Ultar Sar mendian (7.388 m, Batura Muztagh mendigunea) eginiko jarduerak. Bai, zalantzarik gabe, Ethan Berman eta Maarten van Haeren kanadarrek eta Sebastian Pelletti australiar-argentinarrak goi-mailako eskalada sinatu berri dute.
Beste espedizio batzuek bezala, talde horrek ukitu gabe zegoen hego-ekialdeko zutoina izan du helburu. Eta, azkenean, hiruko hori izan da arrakasta lortu duena. Izan ere, zortzi eguneko joan-etorria behar izan dute zutoin horretan “Shooting the moon” bide berria zabaldu ahal izateko. Hain zuzen ere, hilaren 6tik 13ra.
Denera, bost bibak egin behar izan zituzten igoeran eta beste bi jaitsieran lehen igoera hori biribiltzeko. Gainera, estilo alpinoan egin dute. Jarduera zorrotz horretan alpinistok bide oso luzea igo zuten: 3.100 metro. Zailtasun teknikoak, berriz: WI4 eta M5.
Hori guztia aipatu eta gero, Ultar Sar mendia testuinguruan kokatu behar da. Alpinista askorentzat zazpimilako hori Pakistango ikusgarrienetako bat da. Oso zaila, gainera. Oroitu behar da mendia 1996an igo zela lehenengoz. Gerora makina bat espedizio jaso ditu, eta ia gehienak esku hutsik itzuli ziren etxera.
Irudian ikusten den zutoin estetiko hori oso-oso luzea da: hiru kilometrokoa. Alpinista zaildu batzuen xede izan da, baina hirukote hori izan da emaitza bikaina lortu duena. Oso zaila eta luzea denez, alpinistok bi bidaia behar izan dituzte.
Xedea lortu eta Hunzako ibarrera iritsi bezain laster, talde horretako kideek onartu zuten esperientzia aberatsa eta gogorra izan dela: «Oso hunkituta gaude kanpaleku nagusira onik heldu ginelako. Zalantza izpirik ez dugu: Ultar Sar mendiaren zutoin ‘ezkutu’ horretan igaro ditugun zortzi egunak basatiak izan dira. Ibilbide luze horretan arrokazko zutoinera heldu arte elurra eta izotza ziren nagusi. 6.700 metrotik 7.200 metrora, aldiz, arrokak hartu zuen protagonismoa. Igoeraren aurreneko hiru egunetan ahalik eta metro gehien igotzen saiatu ginen. Bibakak, oro har, nahiko seguruak izan ziren».
Esan bezala, bi bidaia egin behar izan zituzten. Iazkoan ikasitakoa indarrean jarri zuten bigarrenean. Mendiaren baldintzak eta tenperaturak kudeatzeko, gauez asko eskalatu zuten: «Behartuta geunden gauez eskalatzera. Arratsaldeetan haizea altxatzen zen eta lainoak ekartzen zituen. Horren ondorioz, oso txikia zen ikuspena, eta horrek nahi genuen baino lehenago gelditzera behartzen gintuen. Gauez igotzea oso berezia izan da. Ilgorak mendi osoa argiztatzen zuen, eta horrek nolabaiteko indarra eman zigun».
Nahiz eta lehen bibakak nahiko erosoak izan ziren, alpinistok onartu dute zutoinean antolatu zituztenak oso txarrak izan zirela. Bestela esanda, erronka bihurtzen zen denda txiki bat jartzea. Hirugarren egunean, 5.800 metrotik 6.650 metrora lan eskerga egin behar izan zuten izotzezko aldats tentea (70°) eskalatzeko. Tarte hori gainditu ostean, bibaka egitea zen asmoa baina, leku egokirik aurkitu ez zutenez, zutoinaren oinarrian egin zuten.
Ibilbidearen sekzio zorrotzenera iritsi ziren: zutoinera. Hirukoteak azaldu du espero zuten baino askoz ere gehiago eskatu ziela: «Luzea izateaz gain, elurrezko aldapak ez ziren batere samurrak. Hasierako tarte txiki batean eta azken 200 metroetan eskalada lasaia egin genuen. Gainerako tarteetan, berriz, izotz eta arroka oso bertikalak gainditu genituen. Bidearen giltza, adibidez, zutoinaren goialdean kokatu zen: 6.800 metrotik 7.200era. Eskalada mistoa izan zen: gehienez, M5. Eskaladaren laugarren eguna zen».
Tontorra zapaldu ondoren, oraindik jaitsiera oso luzea zuten aurretik. Igotako bidetik jaistea erabaki zuten Bermanek, van Haerenek eta Pellettik. Bi bibak egin zituzten. Arratsalde horretan ekaitz gogor batek 6.650 metrora zuten bibakean harrapatu zituen. Haize zakarrak egun osoa bibak horretan egotera behartu zituen. Pixka bat baretu zenean jaitsierari berrekin zioten. 6.000 metrora, berriz, eguraldiak hobera egin zuen: «Beste bibak bat egin genuen 4.300 metrora, eta azken bi egunak oso-oso luzeak izan ziren: 31 ordu kanpaleku nagusira heltzeko. Ez gaude ziur, baina 70 rappel baino gehiago egin genituen».
IKASLE-IRAKASLE
Bigarren espedizioak, Spantik mendian (7.027 m) egin berri denak, ukitu berezia izan du. Jarduera azpimarragarria izateaz gain, protagonisten artean lotura berezia izan da. Mathieu Maynadier alpinista frantziar zailduak irakasle lanetan jardun du. Bere sokakidea, Mueez Uddin gazte pakistandarra, aldiz, ikaslea izan da.
Alabaina, talde horrek lan bikaina egin du zazpimilakoan. Ekialdeko ertza zuten xede, eta alpinistok aukera izan dute “Zindabad” (M5, A1, 1.800 m) ibilbidea sortzeko. Zabaldu bai, baina oso gutxigatik, 50 metrogatik, frantziarrak eta pakistandarrak ez zuten gailurra zapaldu. Horren errua haizeak pilatutako elurraren baldintza arriskutsuek izan dute.
Espedizioaren abiapuntua Zom Connection elkartean kokatu behar da. Julien Herry da burua, eta bere asmoa mendiko kirolak Pakistango iparraldean sustatzea da. Maynadier elkarte horretako kide da, eta parte hartutako ekimenetan Uddin gaztea ezagutu zuen. Frantziarrak kontatu du eskalatzen eta eskiatzen irakatsi ziotela, eta, oso dinamikoa denez eta entrenamenduetan jarrera ona duenez, iaz Spantik-era joatea proposatu zion.
Zazpimilakoaren bide klasikoa aukeratu ordez, alpinista frantziarrak haren eskuinean dagoen ekialdeko ertza eskalatzea erabaki zuen; izan ere, ez zitzaion oso zaila iruditu. Baina ertzaren azpira heldu zirenean, aurpegia aldatu zitzaion; batetik, zailtasun teknikoak agerikoak zirelako eta, bestetik, gazte pakistandarrak ez zuelako batere eskarmenturik izaera horretako eskaladetan.
Hilaren 2an, kanpaleku nagusia atzean utzi eta 5.800 metrora zegoen lehen bibakera abiatu ziren. Biharamunean, 6.200 metrora, bigarren kanpalekua antolatu zuten. Hirugarren eta azken bibaka 6.600 metrora egin zuten. Ehun metro gorago zailtasun gogorrenak amaitu ziren. Azken 300 metroak samurrak ziren; den-denak, elurrezko aldatsak. Baina tontorrak ihes egin zien; 50 metrora zeudela atzera egin zuten.
Maynadierrek adierazi du igotako sekzio gehienak M3 eta M4 artean zeudela. Horretaz gain, M5 mailako bi luze eskalatu zituzten, eta artifizialean A1 zailtasunekoa. Luze tekniko guztien ardura alpinista frantziarrak hartu zuen, baina onartu du gazte pakistandarrak lan bikaina egin zuela. Oso sasoiko jardun zuen.
Zabaldutako bideari dagokionez, Maynadierrek aipatu du eremu birjinan sortutako bide tekniko ederra dela: «Igo gabe zegoen ekialdeko ertz hori aztertu nuenean iruditu zitzaidan Alpeetako ‘Innominata’-rekin antz handia zuela. ‘Zindabad’ luzea da: 2.000 metroko desnibela. Elurraren baldintzekin arazoak izan genituen; une jakin batzuetan oso sakona zen! Eskalada zorrotza izan da».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
