Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zenbakiak, onak eta hotzak

Ez dakit nondik hasi gaurko zutabe horizontala. Amaitzea errazago egiten zait beti, testuaren karaktereekin muga egin eta orduantxe! Tira, harira! Non edo non irakurri dut The Boss Donostian izan dela, eta letretan aurrera egin barik zera pentsatu du nire buruak, Confebask zer horren konklabea edo! Kontzertua izan dela xuxurlatu didate gero, eta ni neurean, euren bandaren osasunaren alde kontzertu ekonomikoa zelan gehiago zukutu, horretara konklabea! Egia esan, ez dakit zertan geratu den hori, hiri bereko beste albiste moduko batek piztu didalako segituan arreta.

Bada, bai, antza, superordenagailu gainkuantiko bat lekutuko omen du bertan nazioarteko gobernuz kanpoko erakunderen batek; ez ditut siglak ulertu. Dirudienez, zazpi pisu turistiko bat eginda lortu dute lekua. Total, poztu egiten naiz, ezkor aktiboa izanda ere. Espero dut traste horrekin aurrerantzean serioagoa izatea datuen trataera; are gehiago, serioagoak datuak berak. Ez diezaiola berotze globalak zenbakien hotzari modu transgenikoan eragin!

Eta, datuak datu, espero dut aurrerantzean greben segimendukoetan bat etortzea erakunde deituak eta sindikatu deitzaileak. Edo, kasu, NATO zer horretako kideek euren BPGren zein ehuneko inbertitu behar duten derrigor, bakerako gastu militarrean; hots, ditxosozko kuantikoak lagunduko dituela bidaltzaileak eta hartzaileak mezuak era kuantiko berean ulertzen. Bide batez, BPGa bera behingoz lurperatzen lagunduko balu, primeran! Ur asko kontsumituko duela? Lasai, Kantaurikoak ez du mugarik, bero bai, baina mugarik ez!

Eta udan udakoak! Euliak bueltan! Eta gauean amesgaiztoak, atzo Etxe Zuriko kumea “Kriston martxa dabil” elastikoaz agertu zitzaidan buruan, komunean bai, baina agertu… Bakearen Nobel saria jasotzen ari zela… bera, ez ni!