Gero eta konpainia gehiago ditu Irungo Alarde parekideak; aurten, hamahiru
Irungo Alarde parekideak beste konpainia bat batu du San Martzial eguneko desfilera: Meaka. Bero galantari aurre eginez, jendetza bildu zen atzo haiek txalotzeko. Alderdi guztietako ordezkariek egin zieten harrera, baina Udalak ezezkoa eman zion Alarde publiko bakar eta parekidea antolatzeko eskaerari.

Beste urte batez, bi alarde izan ziren San Martzial egunez Irungo kaleetan, atzo. Lehenik emakumea kantinera gisa bakarrik onartzen duten konpainiek desfilatu zuten, ia 7.000 lagunekin. Gero, 10.20an, Alarde parekidearen txanda izan zen; mila lagunetik gora ziren, eta aurten konpainia bat gehiago izan du, Meakakoa. Alarde parekideko parte hartzaile kopuruak gora egin arren, Irungo Udalak ezezkoa eman zion alarde publiko bakar eta parekidea izateko eskakizunari, Alardea bizitzeko bi modu daudela eta biak legezkoak direla argudiatuz.
Ohi bezala, arrankadarekin hasi zuten ibilbidea, San Martzial kalean. Handik San Juan plazara jo zuten, eta konpainia guztiak ikuskatzeko. Udaletxeko balkoian zituzten zain Cristina Laborda alkatea eta alderdi politiko guztietako ordezkariak, baita beste zenbait erakundetako ordezkariak ere, hala nola Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta, Ines Ibañez de Maeztu jarduneko Arartekoa, eta alderdietako Gipuzkoa mailako ordezkariak (EH Bildu, Podemos, PSE...).
Harrera egin eta gero iritsi zen une hunkigarrienetako bat, udaletxeko atariko arkupeetan EH Bilduko zinegotzi Ane Unanuek Bidasoa konpainiako Iker Montero banderadunari hiriko bandera eman zionean. «Gora Bidasoa! Gora Irun! Gora San Martzial! Gora Irungo Alardea!» oihu egin zuen Bidasoako kantinerak, eta musu eman zion banderari. Udal ordezkari asko behera jaitsi ziren une horretan, baina Cristina Laborda alkatea ez zen bertan izan.
Horren ondoren, Alardeko jeneral Maite Bergarak konpainiak ikuskatu, deskarga egin, eta segidan kaleetan barrena abiatu ziren.
UDALAK EZEZKOA
Irungo alkateak atzokoa «egun distiratsua» izan zela aipatu zuen, «aspaldi ez bezalakoa», eta «oso giro ona» izan zela. Hala ere, Udalak baztertu egin zuen Alarde parekidearen eskaera; alegia, Alarde publiko bakar eta parekidea izatea. Urtero egiten diote eskaera hori eta aurten erantzun du lehen aldiz, ezezkoarekin, inolako arrazoirik eman gabe, Alardearen Juntak azaldu zuenez. Alardea bizitzeko bi modu daudela eta biak legezkoak direla argudiatu zuen Udalak, “Bidasoko Hitza” agerkariak jaso zuenez.
Ines Ibañez de Maeztuk nabarmendu zuen «uste sendoa» duela «emakumeek berdintasunerako eskubide besterenezina dutela, eta horrek subjektu protagonista izateko eskubidea ere badakar, gizonekiko berdintasun baldintzetan, bizitzako eremu guztietan, salbuespenik gabe». «Irungo San Martzial Alardea erreferente bat da Euskadiko emakumeen berdintasunaren kausarako», esan zuen.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
