Andrea IBARRA
BAIONA

Monbarreko atentatua gogoratuko dute Irailean Baionan, 40. urtemugan

«40 urtez oroituz» lelopean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte irailerako Baionako Monbar hoteleko atentatuaren 40. urteurrenaren harira, «egia, memoria eta aitortza» aldarrikatzeko. GALen sorreran eta ekimenetan frantziar zein espainiar Estatuek izan zuten erantzukizuna argitzeko eta aitortzeko beharra aldarrikatu dute.

Ipar Euskal Herriko memoria historikoa lantzeko eta GALen biktimen aitortza eskatzeko ekimenaren aurkezpena.
Ipar Euskal Herriko memoria historikoa lantzeko eta GALen biktimen aitortza eskatzeko ekimenaren aurkezpena. (Guillaume FAUVEAU)

Monbar hoteleko atentatuaren 40. urteurrenaren harira, «egia aldarrikatzeko, memoria lantzeko eta GALen gerla zikinaren biktimak aitortzeko» egitaraua prestatu du “40 urtez oroituz” herritar ekimenak. Gatazkak eragindako ondorioak konpontzeko bidean ekarpena egitea du helburu.

Baiona Ttipiaren bihotzean kokatua den Patxa plaza hautatu zuen atzo dozenaka herritarrez osaturiko taldeak ekimena aurkezteko. Popo, Joxi, Joxean eta Jon militanteen oroimena bizirik atxikitzen duen muralaren aitzinean kokatu ziren. Horien artean ziren GAL espainiar erakunde paramilitarrak Ipar Euskal Herrian burutu zituen atentatu eta erailketen lekuko izandako militante batzuk, baita gaur Baionako eguneroko bizian inplikatuak diren belaunaldi berrietako herritarrak ere.

Ekimen honen bidez, 1985eko irailaren 25ean GALek Monbar hotelean lau euskal iheslari erail zituen atentatua ez ezik, 1983tik 1987ra Ipar Euskal Herrian jazotako gerla zikinaren ondorioak ere oroitu eta salatu nahi izan zituzten. «Gure lurraldean izan ziren gertakari larri horiek guztiak oroitu nahi ditugu, bereziki bortizkeria hori jasan zuten biktima guztiak, eta zehazkiago, erailak izan ziren 27 pertsonak eta horien senideak» azaldu zuen Ihintza Arrietak. Berak, haurra zela, lehen pertsonan bizi izan zituen garai horiek.

Ekimenaren bultzatzaileek gogorarazi zuten espainiar Estatuak legez kanpo antolatu zuela GALen jarduera eta hainbat auzitegitan egiaztatu dela hori, baina oraindik ez dela egia osoa ezagutarazi: «Egia zor zaie, bereziki biktimei, eta oraingo jendarteak frantziar Estatuak izan zuen rola ezagutzea merezi du».

«IRAGANAREKIKO LOTURA EZIN DA GALDU»

Memoria historikoa lantzearen garrantzia nabarmendu zuten. «Batzuek gertakari ilun horiek ahanzturan gelditzea nahi lukete. Gisa horretan, gatazka politikoan espainiar eta frantziar Estatuek erabilitako bortizkeria estaliko litzateke, gatazka bera desitxuratuz», adierazi zuen Arrietak. Horren aitzinean, memoria historikoa landu, biziarazi eta transmititzearen garrantzia azpimarratu zuen: «Gure herriaren historia eta iraganarekiko lotura ezin dira galdu».

Aitortzaren arloan Hego Euskal Herrian «hainbat urrats» egin badira ere, salatu zuten oraindik ere GALen biktimek aitortza instituzionalik gabe jarraitzen dutela, hori ulertezin eta onartezintzat joz.

Bide horri ekiteko antolatu dute iraileko egitaraua. Lehen hitzordua irailaren 19an izanen da, Baionako Biltxoko elkarteko mintzaldian. Ondotik, atentatuaren urteurrenaren egunean, irailaren 25ean, bi ekimen izanen dira: lehenik, “Memoriaren ibilaldia” abiatuko da 17.30ean Réduit plazatik; Dominika Daguerre eta Jakes Bortayrouk GALen atentatuen ibilbidea azalduko dute. Ondotik, 19.00etan, Hotel Monbar izandakoan ekitaldi nagusia eginen da.