Amaia U. LASAGABASTER
EURO 2025

Herri txiki, jokalari handi

Gales eta Polonia dira Europako Txapelketa honetan debuta egin duten bi taldeak. Ez dute aurretik selekzioen txapelketa handi bat inoiz jokatu. Jess Fishlock eta Ewa Pajor izarrek gidatuko dituzte, beren bizitzako ametsa betez.

Jess Fishlock Galesko banderarekin.
Jess Fishlock Galesko banderarekin. (CYMRU)

Tituluak irabazi ditu Frantzian, Herbehereetan, Australian eta Estatu Batuetan, Txapeldunen Liga bi aldiz eskuratu du eta sari indibidual ugari dauzka -Britainiar Inperioaren Ordenako kide ere bada-, baina 38 urtera arte jarraitu behar izan du borrokan Galesekin lehen arrakasta handia gozatzeko. Herensugearen selekzioa lehen aldiz lehiatuko da txapelketa handi batean, eta Jess Fishlock da kapitainaren besokoarekin zelairatuko dena bihar Herbehereen aurkako debutean.

Emozio berarekin egingo zuen lo gaur Ewa Pajorrek. Polonian, Alemanian eta Espainian irabazi ditu Ligak eta Kopak, eta txapelketa guztietan pitxitxia izan da noizbait, baina, 30 urte betetzear, bi arantzatxorekin jarraitzen zuen: Txapeldunen Liga - Wolfsburgo eta Bartzelonarekin jokatu dituen bost finalak galdu ditu - eta selekzioa. Bigarrena lortu du dagoeneko. Polonia ere lehen aldiz sailkatu da txapelketa handi baterako, eta aurrelariak bere herrikideak gidatuko ditu gaur, Alemaniaren aurkako debutean.

Eurokopa jokatzeko sailkapena «nire ibilbidean gehien harrotzen nauen unea da», dio Fishlockek. Erretiratzeko zorian egon zen Galesi azken Mundialerako txartelak ihes egin zionean. «Oso gogorra izan zen — azaldu zuen BBC Sporten —. Zelaian eutsi nuen, baina etxera iritsi nintzenean, erori egin nintzen. “Ezin dut berriro hau jasan”. Amak besarkatu egin ninduen eta “ez da ezer gertatzen” esan zidan. Oheratu, eta biharamunean esnatu nintzenean, itzultzeko prest nengoen. Orain ezingo nintzateke zoriontsuago sentitu».

Fishlock harro dago galesa izateaz eta sentimendua elkarrekikoa da. Kirol-eremua gainditzen duen ikurra da bere herrialdean. Horren eredu, bere jaioterrian, Cardiffeko aldirietan, inauguratu berri duten joko-zelai baten tamainako horma-irudia. Laudorio guztiak txiki geratzen zaizkio bere entrenatzaileari ere. «Jessek ez dio inoiz bere nazioa ordezkatzeko aukerari uko egiten, eta harrotasun handiz egiten du. Dena ematen du partida bakoitzean. Asko hitz egiten dugu berari buruz, baina oraindik ez da nahikoa, Galesen ikono bat baita», dio Rhian Wilkinsonek.

«Arranoarekin bularrean jokatzea (bere selekzioaren ezkutuari erreferentzia eginez) dagoen harrotasunik eta ohorerik handiena da. Hau da nire bizitzako egunik zoriontsuena», adierazi zuen Ewa Pajorrek Poloniak Eurokoparako sailkapena lortu zuen egunean, aurrelariaren beraren gol batekin. «Jokalari aparta izateaz gain, gure herrialdean emakumezkoen futbola bultzatzeko motorra ere bada», adierazi zuen Nina Patalon hautatzaileak.

BULTZADA

Tamainagatik Gales -3,1 milioi biztanle bakarrik ditu- eta emakumezkoen futbolak duen tradizio eskasagatik Polonia, Fishlock eta Pajor izarrak ezin izan dira orain arte selekzio mailako txapelketa handietara iritsi. Ez dira bakarrak. Seguruenik egungo kasu deigarrienetakoa Temwa eta Tabitha Chawinga ahizpena izan daiteke. Golegileak dira beren klubekin AEBetan eta Frantzian, baina lehiaketa handi guztietatik kanpo daude Malawiko selekzioarekin.

Atzeraelikatzen den prozesu batean, izar handien agerpenak emakumezkoen futbolarekiko zaletasuna eta babesa bultzatzen ditu beren herrialdeetan. Eta ondoriozko hazkundeak kalitatezko jokalari gehiago sortzea errazten du, era berean beren selekzioen txapelketa handietarako bidea erraztuz.

Torneoen bultzada ere nabarmena da, batez ere parte hartzen duten taldeen gorakadarekin. Lau selekziok lehiatu zuten lehen Eurokopa 1984an, eta 2017tik aurrera 16 dira. 12tik 16ra pasatuko dira parte-hartzaileak hurrengo Olinpiar Jokoetan, eta progresioa ikusgarriagoa izan da Munduko Txapelketan. Hamabi selekziorekin hasi zen, 2015ean 24 izan ziren, 32ra igo ziren 2023ko edizioan, eta FIFAk 48ra heldu nahi du sei urte barru.

Interesa ekonomikoa izango da gehienbat, erakunde hauen funtzionamendua ezagututa, emakumezkoen futbola etengabe hazten ari den negozioa baita, baina ondorioak, oro har, eskertu egiten dira. Pentsa zitekeenaren kontra, lehiaketaren maila ez da jaitsi eta selekzio gehiago sartzeak emakumezkoen futbolaren aldeko apustua bultzatu eta indartu du herrialde askotan.

Hau gutxi balitz, Racheal Kundananji zambiarra, Katie McCabe irlandarra edo Khadija Shaw jamaikarra bezalako izarrek euren selekzioekin maila gorenean jokatzeko aukera izan dute. Beren zaleen eta gainontzekoen gozamenerako.