Bilboko etxegabetzeen protokoloa berrikusteko eskatu du EH Bilduk
Bilboko etxegabetzeei aurre egiteko udal zerbitzuak 2013an 21 eskaera erantzun zituen; 2024an, ordea, 233. Egoera horri aurre egiteko, 2018an sortu zen eta «zaharkituta» dagoen protokoloa berrikusteko prozesua abiarazteko eskatu du EH Bilduk.

Bilboko EH Bilduko udal taldeak Etxegabetzeen Aurkako Udal Protokoloa berrikusteko prozesua abiatzeko eskatu du. Maria del Rio koalizioko udal taldeko bozeramaileak eta Karlos Renedo zinegotziak atzo eskainitako prentsaurrekoan azaldu zutenez, prozesu horrek «hainbat neurri hartzeko balio behar du, eta inplikatutako eragileekin batera egin behar da»: etxebizitza sindikatuak, hirugarren sektoreko erakundeak, Udaleko hainbat sail, batez ere etxebizitza eta Gizarte Ekintza; eta udalbatza osatzen duten alderdi guztiak.
Salatu zutenez, Bilboko etxebizitzaren egoera «larria» da, eta gaur egun martxan dagoen protokoloa «jada ez da baliozkoa», hirian etxegabetzeak «neurriz kanpo ugaritu direlako». Del Riok zehaztu zuenez, Hiriko Etxegabetzeei Aurre Egiteko Udal Zerbitzuak 2013an 21 eskaera erantzun zituen; eta 2024an, ordea, 233. «Hazkunde horrek biztanleriaren geruza zabalagoei eragiten die, gero eta baldintza sozioekonomiko desberdinagoetan bizi direnei», gaineratu du. Ildo horretan, etxegabetutako pertsonen profilean eman den aldaketa aipatu zuen; izan ere, 2013an, etxegabetze gehienak hipotekadunei zuzenduak ziren (14 hipotekadun eta 7 alokairu), eta 2024an, alokairukoei (233tik 210). Gainera, datu horiek udal zerbitzutik igaro diren etxegabetzeak baino ez dituzte jasotzen.
Renedok adierazi zuen Udal Gobernuak gaur egun dituen baliabideak «ez direla nahikoa». Horregatik, bere ustez, «premiazkoa da eskura ditugun tresnak berrikustea» eta, ildo horretan, EH Bilduk eskatu du etxegabetzeei aurre egiteko protokoloa berrikusteko. Horrek, Renedok azpimarratu zuenez, hainbat helburu izan behar ditu: «Batetik, diagnostiko sakon bat egiteko balio behar digu, Bilbon bizi den errealitatearen argazki zehatza ezagutzeko helburuarekin», esan du. Halaber, azaldu duenez, «arazoa azkar detektatzeko, mekanismoak hobetzeko; etxegabetze egoerak bizi dituzten pertsonei laguntzeko prozesuak berriro adosteko; eta kolektibo zaurgarriak eta, bereziki, adingabeak ardurapean dituzten familiak babesteko udalaren erantzuna ezartzeko balio behar du».

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
