GARA
GASTEIZ

Hiru enpresaburuk ukatu dute komisioen ordainketa Gorenean

Jose Ruz LIC enpresako burua, irudian erdian,  eta bere abokatuak Auzitegi Gorenerako bidean.
Jose Ruz LIC enpresako burua, irudian erdian, eta bere abokatuak Auzitegi Gorenerako bidean. (Gustavo VALIENTE | EUROPA PRESS)

Jose Ruz LIC enpresaren buruak eta Antonio eta Daniel Fernandez Menendez OPRko arduradunek ukatu egin zuten legez kanpoko komisioen ordainketa atzo Auzitegi Gorenean, «Koldo auzia» ikertzen ari den epailearen aurrean.

Hala ere, Leopoldo Puente instruktoreak kautelazko neurri gisa ezarri zuen hamabost egunez behin hiru enpresaburuak etxetik hurbilen duten epaitegian agertzea. Gainera, Ruzi debekatu egin zion Espainiako Estatutik irtetea, Fiskaltzak eskatutakoaren arabera. Herri-akusazioak eskaera horrekin bat egin zuen.

Iturri juridikoek Europa Press albiste agentziari baieztatu ziotenez, Ruzek aitortu zuen Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiarekin bildu zela behin baino gehiagotan politikariaren etxean eta beste leku batzuetan, baina ez zuen zehaztu zer gai jorratu zituzten bilera horietan.

Ruzek, Guardia Zibilaren txostenaren arabera, 2022ko martxoan eskatu zuen Koldo Garciaren laguntza zuzenean «nafarrarekin» hitz egiteko, «zauritu errugabeak» eta «dantzatik kanpoko jendea» zituztelako. «Ez da komenigarria abeltzaintzarako», esan zion 2022ko martxoan.

Ruzek baieztatu zuen atzo «nafarra» Santos Cerdan zela, eta «abeltzaintza» terminoa alderdi politikoei buruz hitz egiteko erabiltzen zela. Elkarrizketa horretan, enpresaburuak magistratuaren aurrean ziurtatu zuenez, PSOEri buruz ari ziren. Hala ere, iturrien arabera, ez zioten galdetu ea Cerdanekin batzartu ote zen.

Magistratu instruktoreak dioenez, Ruzek harreman zuzena dauka tramako ustezko buruekin: Abalos, Koldo eta sarearen ustezko lortzailea, Victor de Aldama enpresaburua. «Bilerak egin ditu guztiekin, eta horien emaitzaren berritasunak Koldori berari eman dizkio», dio epaileak.

Gogoratu beharra dago Ruzek joan den otsailean deklaratu zuela Auzitegi Gorenean, De Aldamarekin zituen loturengatik. Orduan, irregulartasunetan parte hartu izana ukatu zuen, baina onartu zuen harengana jo zuela zorra kobratzeko.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren, epailearen eta defentsaren galderei erantzun zien atzo Ruzek, eta Koldo Garciaren kontratazioaz ere aritu zen, aholkularia bere enpresan kontratatua izatea baztertuz.

Ruzek argi utzi zuen Garcia ez zuela bere enpresak kontratatu, Juan Carlos Etero enpresak baizik. Dena den, Ruzek enpresa horren esku utzi zituen LICek egindako obren segurtasun-lanak, eta Koldo obra horietako bat ikuskatzeko kontratatu zuten, gaueko zaindari gisa.

Guardia Zibilak txosten batean adierazi zuenez, hilean 2.600 euroko ordainketa egiten zion LICek Koldori», Eteroren enpresaren bidez. Ikertzaileen ustez, Eterok «Koldoren kontratazioa simulatu» zuen.

Daniel Fernandez Menendezek, kontsultatutako iturrien arabera, Koldoren emazte ohiaren kontratazioari buruzko xehetasunak eman zituen. Ikertzaileek diote Aridos Anfersak kontratatu zuela eta hilean 1.300 euroko ordainketa garbiak egiten zituela. Fernandezek aitortu zuen bitartekari bezala aritu zela, baina ez zuen kontratazioa baieztatu epailearen aurrean.

ANTOLAKUNTZA IDAZKARI BERRIA

Bestetik, atzo PSOEk iragarri zuen Rebeca Torro Industriako Estatu idazkaria izango dela alderdiko Antolakuntza idazkari berria, Santos Cerdanen ordez, eta hiru kide izango ditu.

Anabel Mateos, Francisco Salazar eta Borja Cabezon izango dira Antolakuntza Idazkaritzarekin bat egingo duten hiru pertsonak. Izendapen horiek PSOEren Batzorde Federalaren larunbateko bileran berretsiko dituzte.

Batzorde horretan hautatuko dute Montserrat Minguez diputatu katalana ere, alderdiko bozeramaile berria, Esther Peñaren ordez sartuko dena, eta Enma Lopez Madrilgo Udaleko zinegotziak kargu berri bat hartuko du, bozeramaile laguntzaile bezala.

PPk kritikatu egin zituen izendapenak, eta adierazi zuen Pedro Sanchez ez dela gai izan Santos Cerdanentzat «susmo guztietatik kanpo» dagoen ordezkorik aurkitzeko. PPko iturrien arabera, Torro «ustelkeria sareko enpresei egindako kontratu esleipenetan inplikatuta egongo litzateke». PPk adierazitako kontratuak Ruzen enpresarekin sinatu ziren, Torro Valentziako Gobernuan kontseilari zenean.