Eli PAGOLA
DONOSTIA
Entrevista
Ion Fontenla
Naturzaindia elkarteko kidea

«Saguzarrak nekazaritzako izurriteen kontrako metodo aproposa dira»

«Gipuzkoako kiropteroen atlasa» argitaratu berri du Naturzaindia elkarteak. 1985ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egin zen ornodun faunaren lehen inbentarioak ez zuen talde hau aintzat hartu. Zorrak kitatze aldera eta sei urtez ikertu ondoren, 25 saguzar-espezieren presentzia dokumentatu dute. Ion Fontenla elkarteko kidearekin izan da NAIZ Irratia.

(GARA)

Nondik sortu zen atlas hau egiteko ideia?

Naturzaindian duela 10 bat urte hasi ginen saguzarrekin lanean. Aurrez, 90eko hamarkadan EHUk atlas batzuk argitaratu zituen eta, ordutik, informazioa eguneratu gabe zegoen. Gainera, teknologia aurrerapenak izan dira saguzarrak ikertzeko eta informazio berri asko lortu dugu. Honakoa inoiz bukatzen ez den lana da, baina argitalpen bat egiteko aukera suertatu zaigunez, orain egitea erabaki dugu.

Saguzar-espezie asko al daude Euskal Herrian?

Bai. 27 espezie ditugula uste dugu; pare bat dira altueran daudenak, Pirinio inguruetan eta gainontzeko hogeita bostak topatu ditugu. Egia da batzuk oso ugariak direla eta ia edozein lekutan topa daitezkeela eta beste batzuk topatzeko modua izan dela zita konkreturen bat topatzea mendian, natur parkeren baten gainaldean.

Mito bat da, beraz, kobazuloetan bizi direla?

Espezieen arabera da. Batzuek urtearen parte handi bat kobazuloetan pasatzen dute eta, urte sasoi honetan baserrietako ganbaretara mugitzen dira. Baina kobazuloetatik kanpo ikustea ere posible da.

Nola identifikatzen dituzue?

Hiru metodologia nagusi ditugu: batetik, neguan kobazuloetara joan eta kontatu egiten ditugu; bestetik, badakigu ultra-uhinen bidez komunikatzen direla eta ingurua ezagutzeko uhin horiek erabiltzen dituztela. Aparailu berezi batzuekin jasotzen ditugu ultra-uhinak eta, frekuentziaren arabera, espeziea identifikatzen dugu; azkenik, sare kiropterologikoak ditugu. Ultra-uhinen bidezkoaren osagarri ona dira. Saguzar batzuen deiaren frekuentzia bat dator; beraz, zaila da jakitea zehazki zer espezierena den. Teknika honekin baieztatu daiteke.

Natur kontserbaziorako zergatik dira garrantzitsuak saguzarrak?

Biodibertsitateko elementu bakoitza da oso garrantzitsua; bakoitzak betetzen du bere funtzioa. Hemen ditugun saguzar guztiak intsektujaleak dira; beraz, hirietan, giza osasunean eragin zuzena dute. Eltxoak jaten pasatzen dute gaua, gauero 1.000 eltxotik gora jan ditzakete. Bestalde, lehen sektorean, nekazaritzan, izurriteen aurkako metodo aproposa da. Nafarroan badira nekazariak soroetan kutxak jartzen dituztenak, eta abeltzaintzan ere gero eta gehiago ikusten da. Badakigu behiek duten gaixotasun hemorragiko epizootikoa eltxo batek sortzen duela eta saguzarrak, kate trofikoan duten lekuagatik, mesedegarriak direla eltxo horren aurka. Biodibertsitateko gainerako guztiak bezala, babestu beharra dago.

Etxolak aipatu dituzu. Nolakoak dira?

Espezieen arabera aldatzen da baina, oro har, zementuzkoak izaten dira aproposenak. Egurrezkoetan baino lehen sartzen dira, segur aski egurrarentzako tratamendurik ez dutelako eta ez delako beraientzat hain arrotza. Sarbidearen arabera, handixkoagoa edo txikixeagoa sartuko da.

Zer egoeratan dago saguzarra Gipuzkoan?

Natur ikuspegitik aberatsak diren lekuetan espezie aniztasuna oso handia da. Zenbat eta leku antropizatuagoa izan, ordea, orduan eta espezie eta ale gutxiago topatuko ditugu. Badakigu Gipuzkoako paisaia zein den: landaketa asko, bertako basoak bai baina gutxi eta bata bestearengandik banatuta. Bioaniztasun handiena Nafarroarekin egiten dugun ertzean dugu, Aiako Harrian, Aizkorrin, Aralarren… Gipuzkoa erdialdean aniztasuna asko jaisten da bizi garen jende kopurua, landaketa eta industrialdeak direla eta.

Zer mehatxu ditu saguzarrak?

Mehatxuetako bat negua kobazuloetan pasatzen dutela eta umatzeko garaian kobazuloetara egiten ditugun bisitetan dugun jarrera da, esnatzen baditugu ziurrenik hil egingo direlako. Beste mehatxuetako bat haize-sorgailuena da. Saguzar batzuek zuhaitz artean eta leku baxuetan egiten dute hegan baina, beste batzuek, Myotis handiak, esaterako, altuera handian, haize-sorgailu horien pala parean. Asko hiltzen dira, egiten diren zenbaketetan agertzen ez badira ere. Badira datu estatistikoak espainiar Estatu zein Europa mailakoak eta kontatuta dago haize-sorgailuko zenbat hiltzen diren batez beste.

Espezie oso kalteberak eta galtzeko arriskuan daudenak daude, denak babestuak eta, gure ustez, jarraipen zorrotzagoa egin behar litzateke. Horrelako proiektu handiak planteatzerakoan, kontuan hartu behar dugu inguruan duguna, biodibertsitatea batez ere. Arriskuan badaude, berreskuratze plan egokiak egon beharko lirateke. Gipuzkoako Aldundiak esan du urte amaierarako egongo direla eta hala espero dugu, hemen ditugun 25 espezieak baitaude babestuta.