Hizkuntza inklusiboa tresna baliagarritzat jo du Emakundek
Hizkuntza inklusiboa genero ezberdintasunak ez areagotzeko tresna baliagarria dela baieztatu du Emakundek plazaratu berri duen ikerketa batek. Halaber, hizkuntza inklusiboaren aurka erabili ohi diren argudioak baliogabetu ditu azterlanak.

Laura Vela-Plo, Marina Ortega-Andres eta Marta De Pedis ikerlarien “Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: Hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa” ikerketa aurkeztu zuen atzo Emakundek. Azterlana erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketei ematen dien bekaren emaitza gisa argitaratu da, jendartean aldaketa bat lortzeko hizkuntzak duen gaitasuna hobeto ezagutzeko xedearekin.
«Azterketa honek hizkuntzaren garrantziaz hausnartzeko aukera ematen digu», azpimarratu zuen Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Adierazi zuenez, hizkuntza inklusiboa genero ezberdintasuna ez areagotzeko tresna da.
ERABILERA SEXISTA
Ikertzaileek arlo honetan euskaraz zein gaztelaniaz dagoen hutsune enpiriko eta teorikoa bete nahi izan dute; izan ere, haien esanetan, gai horren inguruan egindako ikerketa gehienak ingelesean edo alemanean oinarritu dira. Gainera, euskarari buruzko helburu zehatz bat planteatu dute, uste delako genero gramatikalik ez duenez ez duela hizkuntzaren erabilera sexistarik sortzen. Baina egileek sinesmen hori ukatu dute.
Lanak hiru ikasketa esperimental biltzen ditu; horietako bi, gaztelaniaz, EHUko ikasleekin eta biztanleria orokorrarekin egindakoak, eta bestea euskaraz, euskal unibertsitateko ikasleekin bakarrik egina. Ondorioztatu dutenez, hizkuntza inklusiboak munduaren begirada erabat maskulinoa murrizten du.
Ikertzaileek hizkuntza inklusiboaren erabilera baztertzeko erabili ohi diren aitzakiak baliogabetu dituzte, hala nola «hizkuntzaren ekonomia, anbiguotasun faltsua edo genero gramatikal eta sozialaren arteko nahasmena».
Aurkezpenean, ikerketa esperimental horietan sakondu beharra dagoela aipatu zuten, genero gramatikalak nola eragiten duen zehatz ulertzeko.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
