GARA
GASTEIZ

Balluerkak, Iribarrek eta Garaikoetxeak jasoko dute EHUko Urrezko Domina

Nekane Balluerka EHUko errektore ohiari, Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiari eta Carlos Garaikotxea lehendakariari emango die EHUk Urrezko Domina. Joxerramon Bengoetxea errektoreak atzo nabarmendu zuenez, Urrezko Domina lehenengoz emakume bati emango dio EHUk. Irailean banatuko dira Gipuzkoako campusean.

Jose Angel Iribarrek, Nekane Balluerkak eta Carlos Garaikoetxeak jasoko dute Urrezko Domina.
Jose Angel Iribarrek, Nekane Balluerkak eta Carlos Garaikoetxeak jasoko dute Urrezko Domina. (EHU)

Nekane Balluerka EHUko errektore ohiari, Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiari eta Carlos Garaikotxea lehendakariari emango die EHUk Urrezko Domina. Ikasturte hasierako ekitaldian banatuko dira, Gipuzkoako campusean.

Balluerka EHUk errektore hautatutako lehen emakumea izan da, eta EHU eraldatzeko jokatu zuen rolaz baliatuta, haren lidergoa goraipatu du erakundeak ohar batean. Errektore zenean, Shanghai rankingean ehun postu gora egin zuen unibertsitateak, munduko 400 unibertsitate onenen artera jauzi eginez.

«Lider eredugarria, langilea eta maitatua da Balluerka, feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egin zuen, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa berrituz eta diskriminazioaren kontrako neurri aitzindariak hartuz; EHU izan zen lehenengo unibertsitatea genero ez bitarra hautatzeko aukera gehitzen ikasleen aukeretan», adierazi zuen Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak. Era berean, ohartarazi zuen Urrezko Domina lehenengoz emakume bati emango diola EHUk.

Iribarri buruz, Euskal Herriarekin eta euskararekin erakutsitako konpromisoa azpimarratu zuen EHUk, baita haren «konpromiso soziala» ere. «Kirola balore-eskola gisa sustatzen lagundu du; batez ere, gazteen artean, talde-lana, pertseberantzia, errespetua eta ahaleginaren printzipioak» nola txertatu dituen aitortu zion Bengoetxeak, «bertakoan errotuta, baina mundura irekitako nortasun kolektiboa islatuz», esan zuen.

Garaikoetxeari dagokionez, EHUk nabarmendu zuen lehendakariaren Gobernuak egin zuela Euskal Herriko Unibertsitatea sortzeko urratsa, 1980ko otsailaren 25ean. Goi mailako ikasketen alde egindako urrats garrantzitsu hura aitortzea erabaki du EHUren Gobernu Kontseiluak, «bere ibilbide politikoan herri honekiko erakutsitako konpromisoaren erakusle; hain justu, lehendakari gisa dimisioa ematera eraman zuen herri konpromisoa».

32 MEDIKUNTZA PLAZA BERRI

Bestetik, Osasun Sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin izandako elkarlanaren ondotik, bi aldeek hartutako konpromisoek ahalbidetuta, EHUk Medikuntza plazak gehituko ditu euskarazko adarrean. Hala, irailean hasiko den ikasturtean 32 plaza berri eskainiko dira euskaraz; guztira, 200 euskaraz eta beste 200 gaztelaniaz.

EHUren esanetan, «Lakuak adierazitako konpromiso baten ondotik etorri da akordioa. Izan ere, ahalik eta plaza gehien eskaintzeko asmoz, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du eskaintza handitzeko unibertsitateak egindako beharren inguruko txostenak jasotakoari erantzuteko; azpiegiturei, giza baliabideei eta praktika klinikoei lotutako baldintzak bermatzeko».