Kneecapen oihua herri zapalduen alde BBK Liven
Palestinaren aldeko aldarriak izan ziren Bilbao BBK Liven bigarren eguneko protagonista nagusiak. Xsakara bermeotarrak bere emanaldian behin eta berriz aipatu zuen genozidioaren afera, eta Kneecap taldeak herri zapalduok elkar hartu eta babesteko dugun joera balioan jarri zuen Kobetamendin. Euriak ere ez zuen zapuztu gertakizuna.

Ekaitzaren mehatxua presente bazen ere momentu oro, garaiz ireki zituzten ateak eta garaiz bertaratu zen publikoa Bilbao BBK Live jaialdiaren bigarren egunera. Xsakara ‘‘Dena emateko prest’’ kantuan harrapatu genuen oholtzara igota. Monet DJa eta biak publikoa animatzeko lanetan ari ziren, askorik ez baina zeudenak gogotik abesten ari zirela. ‘‘Gustora’’ abestu eta gero, hurrengoa aurkezterakoan, faxistak agertu eta sarean jasandako erasoak aipatu zituen Xsakarak: «Faxisten aurka gaude gu, heriotza Israeli, putakume hauek oxala lehertuko balira, ez baita genozidioa, hori baino askoz ere gehiago da», esan zuen argi eta garbi oholtzatik. ‘‘Hemen’’ kantu dantzagarri lasaia etorri zen atzetik, ‘‘perreo’’ suabea duen abestia.
Beranduago abestu zuen ‘‘Yepa!’’ kantuarekin sartu zaizkio TikTok plataforman faxistak mehatxuka Xsakarari, baina, kontzertuaren ostean esan zigunez, «horrek ez nau kezkatzen, posizionatu beharra dagoelako, akaso beranduegi den arren».
KNEECAPEN ATARIAN ANIZTASUNA
Sal del coche hirukoa ikustera hurbildu ginen segidan. Vulken errautsetatik sortutako proiektuetako bat da hau, berezia, gitarrarik gabe ikusi genuen denboran gutxienez. Sinteak, saxoa, baxua eta bateria. Eta jarrera, sekulako jarrera indartsua. ‘‘Ciudad de polvo’’ kantua hastean harrapatu ditugu bizkaitarrak, eta Negutegian eta Julietaren kontzertuan egongo zenaren artean, ziur publiko alternatiboena elkartu zutela hauek, estetikak gutxienean hori esaten zigun. «Aurpegi ezagunak zein berriak topatu ditugu karpan, hori du halako jaialdi batean jotzeak», esan zigun Jangitz taldekideak kontzertua bukatu berritan.
Lau dantzari eszenan, atzealdean, eta ezkerretara DJa zirela, dantzari artean atera zen eszenatokira Julieta bartzelonarra. Lehenengo ‘‘dance break’’ baten ondoren, ‘‘Trenca’m el cor’’ izan zen lehen abestia. «Este festival es la puta hostia, tengo fomo de no estar de público» egin zuen oihu. Julietak eskerrak eman zituen kontzertu bukaeran euskaraz eta katalanez, eta «os estimo moltissim» esan zuen, irribarretsu. Publiko artean, hiru pertsonako casteller xume bat ere egin zuten, goiko kideak ikurrin handi bat zabaldu zuelarik.
Carlos Ares arrakastaren bidean dagoen musikariaren txanda etorri zen segidan. ‘‘Días de perros’’ kantuarekin hasi zuten emanaldia, pop kantua. Instrumentazio desberdina du madrildarrak, perkusio set bereziarekin bateriaren inguruan, esekitako tinbal eta guzti. Gitarra akustikoak zituzten soinean beste hiruk, baxu elektrikoa, pianoa eta biolina gainerakoek.
Folkaren eta poparen uztarketa hori da arrakasta eskuratzen ari dena, eta publikoan nabari zen hori. ‘‘Aquí todavía’’ kantua ari zela mugitu ginen oholtza nagusira, han baitzegoen Jessica Pratt.
Kontzertua hasi berri zela iritsi ginen. Oholtzan oso atzealdean kokatuta zegoen talde guztia, xume, erdi ilunpean, mahai bat zutela ondoan. Bera akustikoaz, eta teklatu bat, bateria xume bat, baxua eta saxoa gainerako musikariek. Proposamen berezia halako jaialdi baten oholtza nagusirako, eskertzen dira halakoak. Hori bai, jende gehiago bildu zuen Aresek. Nagusia hutsik, txikia beteta.
EUSKAL HERRIA, IRLANDA ETA PALESTINA ELKAR HARTUTA
Kneecap ‘‘3CAP’’ intro abestiarekin hasi zen, pantailan palestinarren aurkako genozidioa salatuz. Ikurrina atera zuten, eta publikoan Palestinako banderak ere agertu ziren modu berean. Euskal Herrian lehenengoz musika zabaltzeko aukera zutela-eta oso pozik agertu ziren, behin eta berriz «Gora Euskal Herria! Askatasuna!» oihukatuz. Gazako Sol Bandakoak ere igo ziren oholtzara, eta zatitxo batez abestu egin zuten; euskaraz ozen oihukatu zuten «Palestina Askatu!». “Etxera” banderolak, Gure Esku Dagorenak… denetarik agertu zen emanaldian zehar oholtza gainean.
Pogoak ertz desberdinetan ikusten ziren eta esteladak eta Irlandako banderak ere agertu ziren publikoan. «Euskal Herriak, Kataluniak eta Irlandak badakigu zer den zapalkuntza, badakigu zer den gure kulturaren desjabetzea pairatzea… Horregatik, hemen guztiok elkar hartu eta Palestinaren alde egiten dugu», esan zuen Mo Charak. «Fuck Franco!» ere oihukatu zuten, eta Móglai Bapek argi esan zuen: «Epaiketan gertatzen dena gertatzen dela, genozidioaren aurka jarraituko du Kneecapek». Trap eta tekno doinuen artean, herrien arteko elkartasuna agerikoa izan zen Kobetamendin.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
