BILBO
GARA

«Osasun Itun honek ez du osasungintza euskaldunduko»

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Lakuako Gobernuak sustatutako Osasun Itunak ez dituela kontuan hartu beren eskaerak, ezta hizkuntza eskubideen urraketen datuak ere.

Osasun Mahaiaren bilera baten artxiboko irudia.
Osasun Mahaiaren bilera baten artxiboko irudia. (IREKIA)

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kezkaz jaso dituzte Lakuako Gobernuak sustatutako Osasun Itunaren inguruko azken berriak. Izan ere, iazko irailean hasitako prozesua amaitutzat eman dute eta, horrekin, etorkizunean hartuko diren neurriak finkatzeko erabiliko diren 24 lantaldeen behin betiko txostenak onartu dituzte. Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute hizkuntza eskubideak eta euskararen normalizazioa lantzeko lantaldean ez dela euskalgintzako eragilerik egon. Hala, aurreikustekoa zen bezala, «herritarren eta langileen hizkuntza eskubideen begiradatik txostenak hainbat gabezia ditu, diagnostikotik bertatik hasita».

«Agerikoa da Itunak zein hizkuntza eskubideei buruzko txostenak ez dituztela kontuan hartu Kontseiluak egindako eskaerak, ezta Behatokiak helarazitako txostena eta hizkuntza eskubideen urraketen datuak ere. Ondorioz, ez zaie konponbiderik eman egun Osakidetzak, eta zer esanik ez osasungintza pribatuak, hizkuntza eskubideen alorrean dauzkaten hutsune ugariei», adierazi dute.

Bi taldeen arabera, Osakidetza urrun dago oraindik euskaldunen hizkuntza eskubideak eta osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera bermatzetik: «Gabezia nabarmena da. Izan ere, egungo egoeratik abiatuta aurrerapauso txiki batzuk izan daitezkeen neurriak planteatzen diren arren, itun honek ez du salto kualitatiborik egiten, ez eta hurrengo urteetan osasungintza sistema osoak euskaraz zerbitzuak eskaintzeko eta lan egiteko zutoinik ezartzen». Kontseiluarentzat, beharrezkoa da sistema osatzen duten profesional guztiek euskararen ezagutza izatea eta euskara erabiliko dutela bermatzeko neurriak hartu eta baliabideak jartzea.