Ezinbesteko diru iturria elkarte anitzentzat ere
Azken txanpan dira Baionako bestak, eta asteburuarekin batera bisitarien zifrak biderkatu egin dira. Sektore anitz hunkitzen dituzte milaka herritar erakartzen dituzten jaiegunok. Elkarte batzuentzat beharrezko mana ekonomikoa dira, baina bada parte hartzeko bertze arrazoi bat: «Euskal kultura bestetan egon dadin ekarpena egitea».

Ospatzeko proposamen ukaezina izateaz gain, tokiko ekonomiaren ikuspuntutik, garrantzi berezia dute Baionako bestek. Elkarte anitzentzat berme bat dira urtean zehar ekimenak egin ahal izateko. Sindikatua, peña, ikastola edo kolektiboa... askotariko eragileek parte hartzen dute besta-jardueretan.
Urte osoan zehar garatzen dituzten ekimenak diruztatzea ahalbidetzen du boluntarioen lanak. Edonola ere, ikuspegi ekonomikoaz harago, haien nortasuna, proiektu kulturalak edota egitasmo politikoak lehen lerroan emateko guziz lagungarri zaizkie jaiak.
San Leon Lagunartea da elkarte horietako bat. Bestak hil ala bizikoak dira talde honentzat. «Bestek gure aurrekontuaren %70 estaltzen dute; 12.000 eta 15.000 euro artean», laburbildu du Thierry Carrere elkarteko lehendakariak. Dirutza hori gabe zaila luke elkarteak bere urteko jarduera aitzinera ateratzea.
Peña gehienak diru iturri beraren hartzaile dira. 64 kide ditu Peña Baionak. Denek ez dute bestetan parte hartzen, baina bazkide batzuk engaiatzen dira, hain zuzen, arrazoi ekonomikoengatik.
«Baionako bestek aukera ematen diete peñei, baita beste elkarte batzuei ere, momentu jakin batean jendea errezibitzeko, eta jarduera horri esker haien urteko jarduerak diruztatu ahal dituzte», azaldu du Michaela Clapisson elkarteko lehendakariak. Zehaztu du helburua ez dela hainbeste errentagarritasuna lortzea, baizik eta egitura horien biziraupena bermatzea.
Kolektibo batzuek autonomia indartzeko hautua hobesten dute. Magic Moment taldeak, esaterako, Napoleon aretoan tekno gauak antolatzen ditu besten denboran. «Bost gautan gure urteko buxetaren %50 inguru biltzen dugu», nabarmendu du Alexi Cedano diruzainak.
3.000 sarrera baino gehiago metatzen dituzte eta Xingar Feriarekin garatzen duten lana gehituta, elkarteak bere urteko jarduera finantzatzen du, hein handi batean, bost egunez luzatzen den bestari esker. «Ekitaldi anitzetan defizita dugu, baina gure helburuetako bat da, nahiz eta publiko anitz ez bildu, saioak egitea eta, horretarako, Baionako bestek finantzamendu aukera eskaintzen digute».
ERAKUSLEIHOA ERE BAI
Beste eragileentzat ohikoa da erronka ekonomikoa haien ekimen nagusian txertatu behar izatea. Baionako ikastolek, BIL elkartean bilduek, urtero Jacques-Portes plazan antolatzen den Karrikaldian parte hartzen dute. Talo salmenta bermatzen dute.
«Parte hartzeko lehen arrazoia ez da ekonomikoa, baizik euskal kultura bestetan egoteko gure ekarpena egitea», erran du Arnaud Boudou BILeko diruzainak.
Aurten, 180 boluntariok baino gehiagok zazpi oreneko txandak ziurtatuko dituzte. Baionako ikastoletako ikasleen burasoak dira gehienbat, baina Beskoitze, Hiriburu edota Bokaleko ikastolek ere esku kolpea ematen dute. Diru sarrera horiekin aurrekontuaren %15 inguru estaltzen dute, baina helburu nagusia euskara eta euskal kulturaren plaza indartzea da. «Karrikaldiarekin, euskal kultura bizi den leku bat izaten saiatzen gara; aurten, gainera, kultur eskaintza indartuko dugu egun osoan zehar», azaldu du Boudouk.
Roland Barthes zabalgunean Laborarien Xokoa kudeatzen du ELB sindikatuak. «ELBren independentziak besta hauekin lotura du. Hemen biltzen dugun dirutzak gure langileen soldatak ordaintzeko aukera ematen digu, gure dinamikarekin segitzeko, inoren menpe egon gabe», adierazi du Panpi Sainte-Marie sindikatuko idazkari nagusiak. 370 pertsona inguru mobilizatuak dira bost egunez, tokiko produktuak oinarri dituzten otordu sanoak eskaintzeko bestazaleei.
«Finantza arloaz haratago, erakusleiho bat ere badugu», gaineratu du Sainte-Mariek. Sindikatuak, baita bestetan lan boluntarioa egiten duten gainerakoek ere, bestazaleen mesedetan egiten duten ahaleginari zentzu bikoitza ematen diote.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
