GARA
GASTEIZ

Gasteizko jaietan «Etxera» aldarria kalera aterako du Sarek berriz ere

Gasteizko jaietarako egitaraua aurkezteko agerraldia egin zuen atzo Sarek, Zeledonen jaitsierarako aste gutxi falta direla. Aurten ere euskal presoen, iheslarien eta deportatuen auziaren konponbidea aldarrikatuko dute, «ezin dugulako ahaztu, urtetako gatazkaren ondoren, oraindik askatu beharreko korapiloak ditugula, eta jakin badakigu oraindik ere indar handia duten inertziek gatazka eta sufrimenduzko iraganera eraman nahi gaituztela, iragan horretatik neke handiz ateratzen ari garenean», adierazi zuten.

Urtero egin ohi duten ekitaldia izango da uztailaren 25ekoa. Santiago egunez, senideek, blusek eta neskek lagunduta, hitzordua dute 12.00etan Foru Plazan, «etxerako garaia dela» ohartarazteko. Horrez gain, abuztuaren 5ean ‘‘Etxera Eguna’’ antolatu dute egun osoko egitarauarekin. Bazkari herrikoia, material salmenta eta urteroko kalejira egingo dituzte. Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuko dira 20.30ean eta txosnagunean bukatuko dute ibilaldia, ekitaldi batekin. ‘‘Etxera’’ aldarri bat izatetik lorpen kategoriara igaro dadin nahi dute, «denok pozik sentiaraziko gaituen aurrerapausoa» izango delakoan.