GARA
IRUÑEA

NBEren txostena inflexio-puntua izan behar dela dio Egiari Zor-ek

Estatu espainolari tortura ikertzeko eskatzen dion Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordearen txostena «onbideratze demokratiko prozesuari sakonki ekiteko inflexio-puntua» izan behar dela nabarmendu du Egiari Zor fundazioak.

Egiari Zor-en ekitaldia Gasteizen, maiatzean.
Egiari Zor-en ekitaldia Gasteizen, maiatzean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Estatu espainolean torturak duen inpunitatea agerian uzten duen Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordearen txostena «inflexio-puntua izan behar da, Espainiako Estatuaren barnean onbideratze demokratiko prozesuari sakonki ekiteko», Egiari Zor elkarteak nabarmendu duenez.

«Baina baita Euskal Herrian ere, non Ertzaintzaren esku 300 tortura kasu baino gehiago erregistratu diren, arduradunentzat inolako ondoriorik izan gabe», gaineratzen du.

«Onbideratze demokratikoa, estatu-bortxaren biktimok jasaten dugun diskriminazioarekin amaitzeko, itxuragabetzen gaituen ukazioarekin bukatzeko eta egileek duten inpunitateari amaiera emateko; bertan behera utzi beharreko funtsezko elementua da inpunitatea, hori guztia berriro ez dela errepikatuko bermatzen duen bizikidetza-esparruaren alde egin nahi badugu», aldarrikatu du Egiari Zor fundazioak ohar batean.

«Giza Eskubideen ikuspegitik, ustezko zuzenbide-Estatu demokratiko batean, ezinbestekoa da egoera horri premiaz heltzea», gaineratu du.

URTETAKO SALAKETA BERRETSI

Txostenean azaltzen diren iritzi eta gomendioen «irmotasuna» azpimarratu du Egiari Zor fundazioak.

«Txosten horrek berretsi egiten du azken urteotan elkarte memorialistek eta Estatuaren bortxaren biktimen elkartean gizarte zibiletik egiten ari garen eskaerek legitimitate osoa dutela eta eskakizun hauek nazioarteko babesa ere badutela», adierazi zuen.

NBEren txostenak GEBehatokiak bidalitako aurretiazko txostenean jasotako aspektu gehienak biltzen dituela azpimarratu zuen.

«Horrek erakusten du erakunde honek Nazio Batuen aurrean egindako lan serio eta iraunkorrak ahalbidetu duela gai horiek Batzordeak egindako ondorio eta gomendioen artean jasotzea», azaldu zuen.

«POZGARRIA»

«Egiari Zor fundazioarentzat, halaber, oso pozgarriak eta itxaropentsuak dira Batzordeak tortura delituari buruz egiten dituen iritzi eta gomendio guztiak; Espainiako ordenamendu juridikoan definizio desegokia duen delitua dela dio, eta ezartzen duen preskribatzeko epeak inpunitatea ahalbidetu dezakeela», esan zuen.

Batzordeak berak Estatu espainolak dokumentatutako 5.000 tortura kasuen inguruan ikertu ez izana salatzen duela gogoratu zuen Egia Zor fundazioak. Txosten horiek «tiradera batean» ez mantentzeko deia egin zuen. «Txosten horiek, askotan adierazi dugun bezala, zenbakiak ez ezik, zigorgabetasun osoz egindako krimenak ere jasotzen dituzte», gaineratu zuen.

Gauzak horrela, Egiari Zor fundazioak dei egiten die botere publikoei, erakundeei eta alderdi politikoei txosten hau bere egin dezaten eta ematen dituen gomendio guztiak lehenbailehen errealitate bilaka ditzaten.