IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA
Entrevista
Beñat Eizagirre Artetxe
Dena musika taldeko kidea

«Biolentziak forma ezberdinak ditu, baita izen-abizenak ere»

«Anabasa» izenpean argitaratu dute hirugarren lan luzea Dena ondarroarrek. Beñat Eizagirre Artetxek (hitzak eta gitarra), Xabat Ituarte Bengoetxeak (bateria) eta Beñat Bidegain Lekuek (baxua) -Unai Aretxabaletari lekukoa hartuta- osatzen dute taldea egun eta, diskoan, aurkitutako eta galdutako lekuez mintzatzen zaizkigu, baita besteen lekuan jartzeaz ere.

(DENA)

 

Bonberenea eta Betepaetaren babespean argitaratu duzue diskoa. Zer da Betepaeta?

Pandemiaren ondoren, Ondarroako gazte asanbladatik ikusten genuen gabezia zegoela gaztetxean, ez zela antolatzen kontzerturik, eta errelebo generazional hori bilatzeko kontzertuak antolatzea pentsatu genuen.

Kontzertu ziklo bat antolatu genuen eta antolakuntzan jende gehiago sartu ahala Betepaetak kolektibo forma hartu zuen, beti autogestiotik antolatzen, eszena horizontala sortu nahian eta txikitik sortzen. Aurten eduki duen berrikuntza da bertatik pasa diren talde batzuk batu eta diskoak editatzeko kolektibo forma ere hartu duela, kontzertuak antolatzeaz aparte.

Eskualdeko taldeen batura izan da, edo gehiago ere zabaldu zarete?

Euskal Herrikoena orokorrean, Txilekoren bat edo Gironako bat ere etorri bada ere.

«Nor bere lekuan»; hori, diskoa irekitzen duen kantuaren izena izateaz gain, izan daiteke gazteak gaztetxean gauzak antolatzen egotea ere.

Bai. Aterpeak sortzea, lekuak bilatzea eta horiek zalantzan jartzea, beste lekuak ulertzea... ez da disko kontzeptuala, baina iruditeria bat irten da. Nik beti sentitu izan dut gauza bat kontatzeko oso beharrezkoa dela testuingurua; hau da, non pasa den, nola pasa den... testuinguruak berak asko kontatzen duelako. Letrak ipintzen ari ginela, ikusten genuen oso kontestualak zirela kantak eta ikusi genuen bazela tira egiteko hari bat. Hortik joan ginen.

Single gisa etorri zenean, akaso gehiago geratu nintzen soinuarekin. Karlos Osinaga «Txap»-en soinu identifikagarri hori badago. Nahiz eta zuek Txapek sartuko liokeen baino rever gehiago sartu diozuen, baxuan-eta beste gorputz bat eman diozue.

Bai. Azkenean bilatzen genuena zen elementu minimoekin ahalik eta gehien egitea, eta bai, berrikuntza bat izan da disko honetan. Saiatu gara instrumentu bakoitzari leku bat edo presentzia bat ematen. Baxuak, adibidez, presentzia handiagoa du disko guztian, eta gero joan-etorri asko ere badaude, espazioa lagatzen saiatu gara eta baita guztiak nahasten ere.

Soinu aldetik, gitarrak, adibidez, oso gordin daude, ez daukate efektu askorik eta efektua daukatenean zati ezberdinak egiteko da. Adibidez, micro looper batzuk daude, pedal batez eginak... halako kontu friki batzuk sartu ditugu.

Kantu honek stoner ukitu bat ere badu.

Izan daiteke. Berez esango nuke kanta honetarako erreferentzia handiena Borrokan dela; oso obsesionatuta geunden talde horrekin.

Erreferente ona hautatu duzue hor. Badago hor erreferentzia bat, «baina berriz etorriko zara», eta nik Ondarroako kantu klasiko bat bezala ulertu izan dut. Baina zuek buelta txiki bat eman diozue letrari.

Bai, hori da. Diskoko lehen kantua da eta sarrera ematen dio nolabait. Geldialdi txiki bat egin dugu, baxu-jotzaile berria, Beñat, sartu da eta entzulearekin ostera ere kontaktuan jartze bat ere bazen. Aurreko diskoko erreferentziak ere badaude.

Erreferentziaz jositako diskoa da, bai aurreko diskoari eta baita honi begira ere. Lehendabiziko errepika horretan gutxienez lau edo bost izenburutako hitzak sartu dituzu. Eta hori etengabea da diskoan. Hori ere bada «Anabasa»-ren parte bat?

Bai. Kantuen izenburuak azken minutuan erabakitzen ditugu, baina letrekin jolastea gustatu egiten zaigu.

«Les Vitres», erakusleihoak. Abiadura sentsazioa ematen duen kantua da.

Izan daiteke azkarrena. Oso energikoa da, zuzena, eta baditu bere jolasak ere. Diskoko soinutik gehien aldentzen den kantua ere bada; lehenengo sortu genuen abestia da eta agian horregatik izango da.

Letrari erreparatuz, «erakusleihoak» sareetako profilak izan daitezke. Indibidualismoarekiko kritika ikusi dut hor.

Hauskortasunari begira egindako kantua da. Adierazi nahi izan dugu norbere burua garatzeko beharrezkoa dela kolektibotasuna, eta izenburua ere hortik dator. Somos la Herencia musika taldeak kantu batean dio ‘‘paso de brutalismo, te quiero en vidrio’’. Disko guztiak oso tematika gordina du eta horrenbeste zementuren artean beira jarri nahi izan dugu.

Azken zatian platerek eta txapek duten hotsa asko gustatu zait. Xabatek platerak gehitu dizkio setari?

Ez ez, kendu egin ditu. Sinplifikatu egin nahi izan dugu guztia. Oinarrizkora joan da.

«Hondakinen bat» dator atzetik. Introan erritmikarekin jolasean zabiltzate, baina itxura da gutxiago konplikatzen saiatu zaretela edo entzuleari buruan krak gutxiago sortzen saiatu zaretela. Entzunerrazagoa gertatzen da.

Baxutik abiatuta sortu genuen lehen kantua izan zen, normalean gitarratik edo bateriatik hasten baikara. Baxu linea batetik abiatu ginen eta linea hori buklean erabili dugu tonua aldatuta. Lehenengo hiru kantak bloke moduan ulertu genituen, pixka bat bata bestearen segida moduan, tonu berean, daudelako, eta gorputzak eskatzen zigun kanta ‘‘lasaiagoa’’ edo egitea.

Asko gustatzen zaigu sentsazioei kasu egitea, kantuak zer eskatzen digun gogoetatzea. Horrela egituratzen ditugu abestiak.

Unai Aretxabaleta Zelaiak grabatu zuena atzetik etorri den Beñat Bidegain Lekuek defendatu beharra bitxia da. Nolatan aldaketa hori?

Batzeko zailtasunak genituen, ezin genituen proiektuak aurrera eraman eta Beñati esan genion lehenengo kontzertura etortzeko. Beñat laguna da, hasieratik egon da eta argazkiak ere berak egin dizkigu, estudioan ere egon da gurekin, Betepaetan ere sorreratik egon da... logikoena zen bera izatea. Sorkuntza prozesuan presente egon den pertsona bat da.

Berak badu beste proiektu bat, Malh Kobat, eta asko gustatzen zaigu bera nola jolasten den. Xabati eta niri asko gustatzen zaigu bere sorkuntza.

«Hondakinen bat» kantuko letran emozioen kudeaketa edo kudeaketa eza aipatzen da. Osasun mentalaz ari zara kantuan?

Bai, era batera, bai. Kantuak badu egitura bat, bi parte errepikatzen dira baina parte beraren bi bertsio dira, bai letran, bai alderdi musikalean. Lehenengoak badu tonu destruktiboagoa, edo ilunagoa, eta bigarren parteak badu argia, gauzak ulertzetik eraikia izan da.

«Basa» kantuak beste pisu bat du; laburra eta indartsua da. Hardcorera goazela dirudi, baina ez goaz. Eta letra, sublimea: «Buruko nekea, sistemaren zama, baina horri guztiari nola eman diozun forma».

Saiatu izan naiz beste pertsona batzuen lekuak ulertzen, baita beste pertsona batzuen lekuetatik idazten ere, bestelako ariketa estetiko bat bilatzeko. Hau beste pertsona baten minetik idatzitako kantua da. Biolentziak forma desberdinak ditu eta izen-abizenak ere baditu askotan. Eta mina politikoa ere badela hartu behar dugu kontuan. Harreman interpertsonaletan biolentziak zelan eragiten duen hausnartu dugu kantu honetan.

«Lurrazpitik» kantuak amorrua, txapa festa eta disonantzia dezente du. Eszenari eta eszenan daudenei kritika egiten die abestiak.

Eszenan daudenei kritika baino, hausnartu dugu geuk zelan ulertzen dugun gure lekua eszenan. Esango nuke gehiago dela gure buruari kritika, baina horrek inplikatzen du eszenari kritika egitea ere. Ez zaigu gustatzen egun nola dagoen eszena: gustatzen zaigu musikalki nola dagoen, baina ez egiteko erak, eta hori aldatzea nahiko genuke.

Ez ditugu zalantzan jartzen gure pribilegioak; gizonak izateaz aparte, ez dugu zalantzan jartzen guk jotzen dugula beste batzuek jotzen ez dutelako eta beharrezkoak ikusten ditugu gogoeta horiek ere. Eszena aldetik hobetzeko gauza asko dagoela ikusten dugu eta ez da elkarrizketarako tarterik ematen. Debaterik ez da irekitzen eszenan bertan.

Arte brutalista ere aipatzen duzu kanturen batean: «Arte brutalista gordin, biluzik eta bistan», eta hori da, hain zuzen, diskoaren azalera eraman eta diskoaren irudi bilakatu duzuena.

Musika sortzen ari ginela irudi batzuk sortzen zitzaizkigun eta Ondarroako portuaz berba egin nahi dugu, gizarteko problematika ugari deskribatzen baititu, arrazakeria, langabezia, espekulazioa, genero aldetik markatutako lanak... gauza asko errepresentatzen ditu portuak; gure iruditerian dauden arrantzale eta abarrengandik aldendu egin nahi genuen eta bestelako gabezia batzuez berba egin.

Ondarroako portuak badauka testuinguru oso gordin bat paisaia aldetik ere, zementua eta abar, eta irudikatzen genuen irudi hori estetika aldetik.

Diskoa Palestinako herriari eskaini diozue.

Gure buruari galdegiten genion: ze zentzu du guk momentu honetan disko bat ateratzeak? Zer egin dezakegu guk genozidio baten aurrean? Oso txiki sentiarazten gaituen zerbait da eta badakigu ez garela bozgorailu handia, baina behintzat joaten garen kontzertu bakoitzean ahal badugu kontzientziak mobilizatu eta deialdiak egin Israeleko estatuari boikot egiteko, ba behintzat zerbait egiten ari gara. Askotan horrelako gauzen aurrean ez dakigu zer egin.