Gabriela Bryan eta Connor O’Leary txapeldun, Jeffreys Bayko olatuetan
CT itzuliko hamargarren txapelketa Gabriela Bryan hawaiiarrak eta Connor O’Leary japoniarrak irabazi zuten Jeffreys Bayn. Itzelezko olatuak eta ikuskizuna izan ziren. Bigarren postuan geratu ziren Molly Picklum eta Jago Dora CT eta WCT rankingetan buru jarri dira.

Uztailaren 18an amaitu zen zazpi egun lehenago hasi zen txapelketa, finalak jokatzeko baldintza onenen zain izan zirelako, eta asmatu zuten antolatzaileek, sekulako olatuak izan baitziren J-Bayn, lehen mailako itzuliko hamargarren txapelketan.
Gabriela Bryan hawaiiarrak aurtengo denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu zuen baina, hala ere, WCTko ranking orokorrean bigarren postuan jarraitzen du, J-Bayko finalean mendean hartu zuen Molly Picklum lehiakide australiarraren atzetik.
Mutilen kategorian izan zen ezustekorik, Jordy Smith, bertako surflaria, hirugarren errondan kaleratu baitzuten. Bigarren ezustekoa, berriz, Connor O’Leary japoniarraren garaipena izan zen; izan ere, azken zortzi urteetan lehen mailan lehiatu den arren, inoiz ez du emaitza ikusgarririk lortu eta ia ezezaguna zela esan daiteke.
Edonola ere, japoniarrak sekulako maila erakutsi zuen eta finalean aurkari izan zuen Yago Dora aise garaitu zuen. Horrela, J-Bayn eskuratutako bigarren postuari esker brasildarra CT rankingeko buru jarri da. O’Leary, berriz, lau postu igo da rankingean eta hamaikagarren postuan jarri da, baina batez ere lehen ez zuen fama lortu du japoniarrak.
Gauzak horrela, txapelketa bakarra falta da aurtengo Final Handian nortzuk lehiatuko diren erabakitzeko. Abuztuaren 7an hasiko da Tahitiko Teahupoo ezker olatu indartsuan CT itzuliko hamaikagarren txapelketa, eta, horren ostean, nesken zein mutilen rankingeko lehen bost postuetan diren surflariak Fijin egingo den Final Handian lehiatuko dira, abuztuaren 27tik irailaren 4ra bitartean.
OLATU EZIN HOBEAK ETA IKUSKIZUN BIKAINA
J-Bayk ez du huts egiten; bertako eskuin olatuek beti ematen diete surflariei mota guztietako ariketak egiteko aukera, baina aurtengoan baldintzak azpimarratzekoak izan dira.
Txapelketa uztailaren 11n hasi zen bi metroko olatu ederrekin, eta lehen errondak lehen hiru egunetan egin ahal izan zituzten. Ez zen falta izan marrazoen presentzia eta une batean txapelketa eten behar izan zuten, baina hori nahiko ohikoa izaten da Hegoafrikako urautsi mitikoan. Gero, etenaldia hasi zen. Txapelketa egin ahal izateko olatuak baziren, baina antolatzaileek baldintza hoberenak nahi zituzten, eta asmatu zuten.
Uztailaren 18an lau metroko eskuin olatu luze eta garbiekin berrekin zioten txapelketari. Final-laurdenetatik abiatu eta arratsean finalak egin zituzten arte olatuak bikainak izan ziren, baina pixkanaka tamainak behera egin zuen. Batez beste, ia minutu erdiko olatuak egiten zituzten lehiakideek. Hori surfean izugarria da.
Epaileak oso zorrotz aritu ziren, batik bat final-laurdenetan. Esaterako, Filipe Toledok harridura agertu zuen tubo luze bat egin ostean 8,67 puntu eman zizkiotenean. Egiari zor, lehiakide gehienek ez zuten gehiegi arriskatu baina, hala eta guztiz ere, itzelezko ikuskizuna eman zuten «surf klasikoa» eginez.
ALDAKETA HANDIRIK EZ
Jordy Smith hegoafrikarrak lidergoa galdu du mutilen CT rankingean baina, hori salbu, ez da aldaketa handirik izan nesken zein mutilen rankingetan; izan ere, J-Bayko txapelketa aitzin CT eta WCT rankingetan lehen bost postuetan ziren lehiakide berberek jarraitzen dute Final Handira irits daitezkeen lehiakideen artean.
Lehen bost postuetan izan diren aldaketa bakarrak honakoak dira. Mutilen kategorian (CT) Yago Dora lehen postura igo da eta Jordy Smith bigarrenera jaitsi da. Hirugarren postuan Kanoa Igarashi japoniarrak jarraitzen du; laugarren postuan, berriz, Italo Ferreira brasildarrak, eta bosgarrenean, Ethan Ewing australiarrak.
Nesken WCT rankingean, ostera, aldaketa bakarra laugarren eta bosgarren postuen artean gertatu da. Bettylou Bakura Johnson hawaiiarra bosgarren postura jaitsi da, Isabella Nichols australiarra laugarrenera igo da, eta lehen hiru lehiakideek berdin jarraitzen dute: Molly Picklum australiarra buru, Gabriela Bryan hawaiiarra bigarren postuan, eta hirugarrenean, Caitlim Simmers estatubatuarra.
Esanguratsua da Gabriela Bryan dela aurtengo denboraldian txapel gehien eskuratu dituen lehiakidea, J-Baykoarekin hiru txapelketa irabazi baititu. Rankingeko buru, ordea, Molly Picklum da, txapelketa bakarra irabazi duen arren gainerakoan emaitza hobeak lortu baititu. Horregatik hartu zuen sekulako kasketa Picklumek J-Bayn.
Finala amaitzeko hiru minutu falta zirenean Picklum zen nagusi eta lehentasuna zuen, baina Bryanek olatu luze eta indartsu bat egin zuen. Epaileek puntuazioak aditzera eman bitartean sekulako tentsioa nagusitu zen. Bryan buru jarri zela jakinarazi zutenean segundo batzuk baino ez ziren falta finala amaitzeko, eta orduantxe bi olatu iritsi ziren, baina Picklumek ez zituen baliatu eta frustratuta itsasoa kolpekatzen hasi zen. Garaipenak eskuetatik ihes egin zion, baina rankingeko buru izaten jarraitzen du.
Orain arte lehen mailako hamar txapelketa egin dituzte; hots, denboraldi erdiko mozketa gainditu duten lehiakideen bederatzi emaitza hoberenak hartuko dira kontuan Final Handian nortzuk izango diren erabakitzeko.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
