Amaia EREÑAGA
BILBO
IKASTURTE BERRIAREKIN ETORRIKO DIREN LITERATURA NOBEDADEAK

Paperezko uzta berria: itzulerak eta memoriari bueltak

Irailerako «itzulera literario» aberatsa aurreikusten da gure letretan: Bernardo Atxaga eta Laura Mintegi nobelagintzara itzuli dira; gertakari historikoak abiapuntu dituzten lan ugari daude -Joseba Sarrionandia, Edorta Jimenez, Katixa Agirre, Hedoi Etxarte...-; eta ipuingintzan eta neurri txikian handiak diren egileek, Eider Rodriguezek eta Uxue Alberdik kasu, lan berriak dakartzate.

Itzulera literarioko protagonista batzuk.
Itzulera literarioko protagonista batzuk. (J. C. RUIZ, M. DEL VALLE, J. MANTEROLA, A. CANELLADA, M. ANDRES, G. RUBIO eta J. RUIZ | FOKU)

Uda bero eta arraro honen eraginez, pentsa genezake literatura arloan jarduera lausotu egingo zela. Aitzitik, ikasturte berriaren «rentrée literarioari» begira -frantziar letretan hain errotuta dagoen kontzeptua geure egingo dugu-, euskal letrak nobedadez indartsu datozela egiaztatzeko aukera izan dugu.

Hauek dira gure argitaletxeek “kozinatu” dituzten lanak. Ez daude denak, noski, baina gosea pizteko moduko eskaintza aurreikusten da.

BUELTAN DATOZENAK

«Gehiago jasan ez, eta, azkenerako, egin behar izan du: bi urteko harremanaren ostean, Sheenak Manu hil, eta izozkailuan gorde du». Horrela abiatzen da Laura Mintegiren nobela berria, “Akabo” (Txalaparta, irailerako) izenekoa, azken nobela argitaratu zuenetik ia bi hamarkada igaro direnean. Umore puntu batekin, bikote harreman baten amaiera kontatuko digu Oxford, Bartzelona eta Euskal Herrian barrena.

“Enarak” (Pamiela, urrian) du izenburu Bernardo Atxagaren nobela berriak. Kronikak, artikulu bildumak, saiakerak... emankorra izan da asteasuarra azken urteetan, baina aspaldian ez zuen nobela berririk esku artean. «Nobela honetan, narratzaileak izaki ‘immaterialak’ dira, narratzeko modu oso berezia dutenak; baina edukia, giroa, oso gure mundukoak dira. Paisaiaren elementuak dira enarak, baina baita kontaerako gogoeta-euskarri ere. Pertsonaia garrantzitsuena: pintore bat, antzerki eszenografoa izandakoa»; hala dio argitaletxeak.

AMERIKETAKO EUSKALDUNAK

Egia esan, Iruñeko Pamiela argitaletxea indartsu dator itzulera literarioan: William Douglassen “Amerikanuak” (Pamiela, urrirako) klasikoaren 50. urteurrena ospatzeaz gain, aurkikuntza bat dakar: “We hare plenty in here. Euzkadin eginak” izenburua du Joseba Sarrionandiak osatu eta editatu duen liburuak, Simon “Sam” Gandarias bertsolari eta artzainaren bizitza eta bertsoen ingurukoa. Haren biografia sinesgaitza berreraiki du iurretarrak, Manu Sotaren eskuizkribu batean aurkitu zuen sokatik tiraka. Ibarrangelu eta Elantxobe arteko baserri batean jaio zen Gandarias XIX. mende amaieran eta Ameriketara joan zen gaztetan.

Pamielaren beste nobedadeen artean, Arantza Urretabizkaiaren “Zahartzaroaren maparen bila” saiakera -gaurko zahartzaroari buruzko eztabaida bultzatzea xede omen du-, Unai Elorriagaren “Odola kantari” -sorpresa bat omen du liburuak, “Muñagorriren bertsoak” bertso-sortaren egilea deskubritu omen baitu- eta Imanol Murua Uriaren “Biba gorriac!” (urrirako hirurak), “Le Réveil Basque” XIX. mendean euskaraz jardun zen lehenengo aldizkariari buruzkoa.

ORAINGO ETA BETIKO GERRAK

Edorta Jimenez eleberri historiko batekin bueltatuko da irailean: “Aizkora eta gutunak” (Elkar) du izenburua eta, genero desberdinak konbinatuta -eleberri historikoa, kronika judiziala eta thrillerra-, 1828an Bermeoko baserri batean etxeko gizona aizkoraz hiltzeagatik atxilotutako ama-alaben istorioa kontatzen du. Euskal lurretan garrotez exekutaturiko emakume bakarrenetakoaren kronika da.

Katixa Agirrek ez dio oraindik izenburu finkorik jarri azarorako -Elkarrekin hau ere- liburu-dendetan egon daitekeen bere hurrengo nobelari, baina badakigu Alava sareari buruzkoa izango dela. 1936ko gerraren ostean, espetxe eta kontzentrazio-esparru frankistetan zeuden euskal senideak bisitatu eta erbesteko abertzaleekin harremanetan jartzen zituzten emakumeen historia berreskuratu eta fikziora eraman du Katixa Agirrek.

Kateriñe Letamendi tolosarraren historia berreskuratu dute, bestalde, Maitena Illarramendik eta Iñigo Sarasola ilustratzaileak “Kateriñe Letamendi” komikian (Erein, irailean). 36ko gerran frankistengandik egin zuen ihesaldia eskuizkribu batean bildu zuen eta orain bere bilobak, Maitena Illarramendik, gidoia idatzi du.

EMAKUMEEN AHOTSAK

Eider Rodriguez formatu txikiko narrazioetan maisu da. Susarekin urrian aterako duen liburuak sei ipuin izango ditu. Kontatuko dituen istorioen artean, hauek: terapeutak bultzatuta, buruarekin konektatu behar duelakoan, hondartzara joan eta gizon bat ezagutuko du emakume batek; beste batek Thailandian oporretan dela hanka apurtuko du, baina ez da izango hautsiko zaion gauza bakarra...

Olatz Mitxelenaren bigarren ipuin liburua ere aterako du Susa argitaletxeak azaroan -etxea eta arroztasuna dira gai nagusiak-, baina lehenago, urrian, “Esne-berriketan” (Elkar) egongo da liburu-dendetan. Bertan Uxue Alberdik Begoña Durruty ilustratzailearekin batera, emakumeen istorioak erreskatatzen jarraituko du.

Feminismoari buruz plazaratuko diren lanen artean, berriz, Olatz Dañobeitiarena dago: “Sorginak, putak terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa” (Txalaparta, urrian); Euskal Herriko gatazka politiko armatuan borrokatu diren emakume torturatuek pairatutako bortxa ikertuko du ikuspegi feministatik.

CANO, ARRETXE, TXILLARRE, MARTXELO OTAMENDI...

Jon Arretxek Toure pertsonaia alde batera utzi eta azaroan genero beltzeko eleberria aterako duela iragarri du Ereinek. Irailean Lourdes Oñederraren “Azken batean” -ama-alaben arteko harreman konplexua- eta Karlos Linazasororen “Düsseldorfeko txibatoa” aterako dituzte. Azken hau umore beltzez blaitutako Karl izeneko jubilatu aleman zorrotz baten eguneroko kronika omen da.

Urrian aterako da “Silueta” (Susa), Harkaitz Canoren nobela berria. Hemen, argitaletxearen aurrerapena: «Hogeita hamar bat kritika eta iruzkin, existitzen ez den liburu bati eginak. Horrela, iritzi sorta kaleidoskopiko eta kontrajarri horiek denak irakurrita, irakurlea izango da nobela osatzen joan beharko duena».

Azarorako aurreikusten du Susak, bestalde, Hedoi Etxarteren nobelaren argitalpena: aitaren heriotzaren dolua eta aita gaztetan nor izan zen jakiteko nahia daude liburu horretan, eta, horrekin batera, bere militantzia garaiak ekarriko ditu gogora Etxartek.

Azken gomendioak, momentuz. Memoriaren gaineko hausnarketa dute ardatz Elkarrek kaleratuko dituen saiakera hauek ere: Edurne San Martinen eta Asier Ibaibarriagaren “Txillarreko sukaldaria” -Pello Rubio da protagonista, Egiguren eta Otegiren bilera garrantzitsuak babestu zituena; liburuez gain, dokumentala prestatu dute egileek- eta Garbiñe Ubedaren “Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza”. Euskal komunikazioaren erreferente honek bere (eta geure) ibilbidea errepasatzen du.

Elkarrek udazken-negurako prestatu duen eskaintza zabalean, hemen beste titulu batzuk: Tene Mujikaren irabazle izan zen Mikel Sotoren “Mirande, herri minez, ezin-minez” (azarorako) -Mirande nazia, poeta, pederasta... ertz asko dituen pertsonaia islatzen omen du- eta Xabier Berasaluze Leturiaren “Koplarik kopla” (azarorako).



Abadesas, víctimas o no, e historia viva

Respecto a la producción en castellano que preparan las editoriales vascas para la “rentrée” literaria de septiembre, ahí van solo algunos esbozos. Txalaparta anuncia para octubre “Víctimas SA”, del periodista catalán Àlex Romaguera, especializado en temas vinculados a la lucha de los derechos humanos y a la memoria histórica. Sobre este libro que es más que probable que levantará polémica, apunta la editorial de Tafalla, que “Víctimas SA” «analiza el papel de la AVT y de plataformas como el Foro de Ermua, la Fundación DENAES o Voces contra el Terrorismo en la consolidación de un relato hegemónico que legitima la represión, invisibiliza otra violencias y alimenta el ascenso de discursos ultraconserva-dores».

Más ensayos... o mejor una «autobiografía o memoria interpretada», como dice la editorial Alberdania. Se refiere a “Retrovisor y bisturí”, en el que Ramón Zallo, a sus 77 años, echa la mirada atrás a una vida y un país en el que ha participado activamente. Están la Universidad, los procesos de paz, las gentes con las que se ha encontrado en todo este tiempo... El libro saldrá en noviembre.

Respecto a ficción, en octubre estará en las librerías la nueva novela de productiva Toti Martínez de Lezea, quien siempre resulta un superventas. En “La abadesa” (Erein) la historia arranca en el Bilbo de 1476, cuando el futuro rey Fernando el Católico, llega a la ciudad para jurar los fueros. Fernando se encapricha de la joven Toda de Larrea y la deja embarazada: la hija natural que nacería de esta relación es el personaje central de la novela, María Esperanza, convertida con el tiempo en la abadesa. Y un apunte final: El “Historias de Gaza” editado en castellano por Península, saldrá en euskara en noviembre con Alberdania, bajo el título de “Gazako istoriak. Bizitza gerren artean”. A.E.