Basque Culinary Centerren eraikin berriak 51 landare espezietako 7.500 ale izango ditu
GOe proiektuak Donostiaren «hiri-eredu jasangarri eta orekatuaren aldeko konpromisoa» sendotu nahi duela baieztatu zuen atzo Basque Culinary Centerrek. Horretarako, 3.600 metro koadroko eremua baliatuz, 51 landare espezietako 7.500 ale baino landatuko dituzte.

Basque Culinary Centerrek “GOe - Gastronomy Open Ecosystem” paisaia-proiektua aurkeztu zuen atzo. Planteamenduren arabera, «Donostiako hiri-sare berdean integratutako espazio ekologiko biodibertsitatedun» bilakatuko da eraikina. Aurkezpenean Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizeagak, Basque Culinary Centerreko Operazioetako zuzendari Paz Simonek, eta Iñigo Segurola paisajista eta proiektuaren arduradunak hartu zuten hitza.
GOe «konektore berde» bat izango dela esan zuten arduradunek. «Natura eta hiria lotzea» izango da proiektu honen helburu nagusia, eta horretarako tokiko ezaugarri espezifikoak jasaten dituzten espezieak landatzen ari dira, modu horretan «hirira natura kantitate handiagoa sartzea» ahalbidetuz. Horri esker, aurreikusten dute «biodibertsitate handiago bat eta ingurune aberats eta osasungarriagoa landare, animalia zein pertsonentzat».
Azaldu zutenez, «proiektuak nabarmen indartzen du Donostiako Udalak jasangarritasunaren, biodibertsitatearen eta arkitekturaren eta naturaren arteko bizikidetza harmoniatsuaren alde duen konpromisoa». Horrela, hirigunean ekosistema «ireki eta berdea» sortzeko pausoa ematea aurreikusten dute. Eraikinak 1.329 metro koadroko landaketa-eremua du estalkian eta 2.271 metro koadroko «berdeguneak» urbanizazio osagarrian. «Guztira 3.600 metro koadro espazio berde» eskainiko dituzte. Ingurune horretan 51 landare espezie bilduko dira, horien 7.500 ale baino gehiago, «hiriko biodibertsitatea eta ongizatea sustatuz», esan zuen Paz Simonek.
URRATS BERRITZAILEAK
Ekosistema berritzaile honen diseinuak uraren kudeaketa jasangarria ere aurreikusten du, Iñigo Segurolaren hitzetan; «estalkiko landarediak euri-ura bereganatu eta aprobetxatuko du, isurketa arazoak saihestuz eta ureztapenerako baliatuz». Halaber, «urteko sasoi desberdinetan loraldia izango duten espezie anitz landatu dira», naturaren dinamismoa eta kolorea eskaintzeko.
Parke lineala ere sortu da eraikinaren atzealdean, Manteo Ikastolarekin mugakide, eta hor bertako giroaren baldintzak -hala nola itsasoko haize gazitua- jasango dituzten zuhaitzak izango dira.
Egitasmo honekin, Basque Culinary Centerrek beste aurrerapauso bat eman nahi du Donostiako «hiri-ekosistema jasangarri, berritzaile eta biodibertsitatez aberatsaren» alde. JAizeagak konbentzituta azpimarratu zuen honakoa: «Donostia hirietako estrategia berdeen erreferente bihurtzen duen beste elementu bat izango da».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»
