Azpikontratatutako garraiolari bat hil da Muxikan, zamatze lanetan
Garraiolari bat hil zen herenegun Muxikan lan istripuz. Azpikontratatutako langilea Ebaki XXI enpresan kargatze lanetan ari zela, makina batek jo zuen. LABek salatu du aurten Euskal Herrian zendutako 41. behargina dela eta araudiak betetzeko direla.

Muxikako Ebaki XXI enpresan karga lanak egiten ari zen bitartean garraiolari bat zamatze makina batek jo zuen herenegun. Osasun zerbitzuek tokian bertan artatu zuten azpikontratatutako garraio enpresa Transportes Iriondoko langilea, baina zauri larrien eraginez handik ordu batzuetara hil zen.
ELAk atzo azaldu zuenez, Ebaki XXI zuraren sektoreko enpresa bat da, zura zerratzen eta eraldatzen duena, eta gaur egun 150 langile inguru ditu. «Dirudienez, inguru horretako argiztapen baldintza eskasak izan dira istripuaren arrazoi nagusia. Enborretarako garraio-makina astun batek azpikontratako langilea kolpekatu eta harrapatu du».
LAB sindikatuak ohar batean adierazi zuen Euskal Herrian lan istripuan aurten hildako 41. langile honen heriotza ekiditeko moduak badaudela, prebentzio araudiak egoera hau aurreikusten duelako. Zamatze lanetarako enpresa kontratatzaileek prozedurak garatuta izan behar omen dituzte garraiolariak kabinan bertan itxaron edo gune seguruetan egon behar izateko.
Hori dela eta, koordinazio prozedura bat «derrigor» garatu behar dela gogorarazi du sindikatuak eta asteazkenean gertatutakoan prozedura garatu gabe edo abian jarri gabe zegoela nabarmendu du.
«Nola ekidingo du langile batek honelako istripu bat, enpresak protokolorik garatu ez badu, edo garatuta izanik ere berau betearazteko errekurtso prebentiborik eta bitartekorik jartzen ez badu? Ardura enpresariaren bizkarretik kentzeak istripuak eta heriotzak soilik dakartza, eta tamalez administrazioa betetzen ari den papera hori da: ardura bitartekorik ez duten langileei zabaldu eta enpresarien inpunitatea babestearena, hain zuzen. Istripuen atzean dagoen oinarrizko arrazoia da administrazioak 30 urte daramatzala enpresarien inpunitatea babesten. Aurten dagoeneko 41 hildako utzi dituen erabakia», salatu zuen LABek.
ELAk ere prebentzioan jarri zuen fokua eta, bere ustez, ezbehar honetan «erabakigarriak» izan diren faktoreak zerrendatu zituen: «Enpresetan dagoen prebentzio kultura falta, lan arriskuen prebentzioaren arloan legeak eskatzen duen koordinaziorik eza eta prebentzio eta babes neurrietan behar adinako inbertsio gabezia».
Gertatutakoa salatzeko Ebakiko langile batzordeak lanuzte eta mobilizazioak deituko dituela iragarri du LABek, horiekin bat egingo duela gaineratuz. ELAk ere parte hartzeko deia egin du.
Bestalde, uztailaren 15ean ere langile bat hil zen Gasteizen, estalki batetik erorita, ELAk eta LABek salatu zutenez. Azken honek jakinarazi zuen enpresa bateko teilatua konpontzen ari zen langile autonomo bat zela, eta estalkia hautsi eta goitik behera erori zela.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
