GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
VOGTER

Kartzela barruko gatazka moral konplexuak

Sidse Babett Knudsen, filmeko eszena batean.
Sidse Babett Knudsen, filmeko eszena batean. (NORDISK FILM)

Kartzelako dramen azpigenero zirraragarriaren zaleek proposamen ezin hobea izango dute aste honetan: Danimarkako “Vogter” (“Condenados”, espainieraz) filma. Berlingo Zinema Jaialdian izan zuen estreinaldia eta orain iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.

“Borgen” telesailari esker ezagun egin zen Sidse Babett Knudsen aktorea Eva izeneko espetxe funtzionarioaren azalean sartuko da, presoekiko jarrera adeitsu eta arduratsua duen emakumea. Egun batean, ordea, iritsi berri diren presoen artean bere semearen hiltzailea dagoela konturatuko da. Gertaera horrek dena aldatuko du.

Gustav Möller da zuzendaria. 2018an, “The Guilty” filma zuzendu zuen eta, Sundance Jaialdian Publikoaren Saria irabazteaz gain, nazioarteko kritikarien eta ikusleen txaloak ere jaso zituen. Larrialdi zerbitzuko telefono operadore batek gaueko txanda batean jasotzen duen dei batek gidatzen du kontakizuna. Filma osorik lokalizazio bakarrean gertatzen da. Hiru urte geroago, izen bereko remake bat egin zen AEBn; kasu horretan, Jake Gyllenhaal izan zen protagonista.

Zuzendariak aipatu duenez, filmaren abiapuntua «espetxeekiko sentitzen dudan lilura» izan da. «Lehenik eta behin -azaldu du-, uste dut espetxeak eszenatoki zinematografiko oso indartsua direla. Muturreko pertsonaiak daude, arau zorrotzak eta botere dinamika indartsuak. Gainera, lekua bera sinbolismoz eta arketipoz beteta dago. Funtsean, espetxea mihise oso sendoa da istorioak kontatzeko».

SIDSE BABETT KNUDSEN

Bereziki Danimarkan eta Estatu frantsesean saritu dute zineman, eta telebistan egindako lanengatik aktore entzutetsua da. Ibilbidea Danimarkako zineman hasi zuen, baina AEBko telesailetan ere parte hartu du (“Westworld”), eta sona handiko sarietan izendatua izan da. Telebistako paperengatik nabarmendu da bereziki -batez ere “Borgen” telesailean Birgitte Nyborg-en azalean sartzeagatik-, baina diziplina askotan arituz osatu du bere ibilbidea.