Ibai AZPARREN
LAKUNTZA
HATORTXU 30

Hatortxu Rock Lakuntzan agurtu da: bihotzetik sortu, bihotzean gorde

Beriainen milaka lagunez magala beteta, milaka bihotz taupaka Hatortxu Rocki agur sentitua emateko. Atzokoa ez da soilik musika jaialdi baten amaiera izan, baizik eta herri baten memoria kolektiboan iltzatuta geratuko den une berezia. Elkartasun jaialdia hau betiko amaitu bada ere, &indentHere;«askatasunaren aldeko» bidean jaialdi berri baten sorrera dator: “Aske”.

Antolakuntzako kideen eta publikoaren arteko azken topa.
Antolakuntzako kideen eta publikoaren arteko azken topa. (Iñigo URIZ | FOKU)

30 edizioren ostean, eta 26 urtez Euskal Herriko bihotzean taupaka aritu ondoren, atzo Lakuntzan Hatortxu Rockek agur esan zion bere bideari. Adio esatearen poza, tristura eta nostalgia, denak nahasi dira Beriaingo magalean. Izan ere, Berriozarren 1999an egindako ekimen txiki hori hiltzeko jaio zen, presoen aferari amaiera emateko. Baina musika, borroka eta maitasunaren lekuko izan diren hamaika bizipenek erraldoia eta memorian ezabaezina egin dute. Hala ere, norabide berri bati ateak zabaldu dizkio: «Askatasunaren aldeko» bidean jaialdi berri baten sorrera dator, “Aske” izendatu dutena.

Lakuntzaren gaineko atmosfera luzaroan itxarondako agur batekin argitu zen atzo, zerbait ixtear zegoen kontzientzia kolektibo batekin. Duela lau egun ireki zituen ateak Hatortxu Rocken azken edizioak, eta, kontzertu, barre, malko eta hainbat garagardo tarteko, goizean ekitaldi erraldoi batekin egin du lehenengo agurra; azkena arratsaldean izan zen, musika taldeen esku.

Horietako bat, Broken Brothers Brass Band-ek Governorsek Hatortxu Rock 10erako prestatutako ‘Kristal kolpatuak’ abestiaren bertsio batekin ekarri zuen jendea Beriain eremura, eta Governorsek berak lekukoa hartu zion eszenatokian. Bertan gogoratu zuten aurten 26 urte bete dituela Hatortxu Rockek.

Urte horietan zehar kausa baten bizkarrezur emozionala izan da jaialdia. Sakabanaketaren espetxe politikari erantzuteko jaioa, kriminalizazioa sufritu gabe ezer antolatzea ezinezkoa zela zirudienean. Eta borondatezko lana, auzolana eta burugogorkeria oinarri hartuta, sinbolo bihurtu zen: 700 boluntario baino gehiago urtero; 6.000 baino gehiago honelako edizioetan, 30.000 guztira. Soinuaren, izerdi partekatuaren eta leihatilan erosten ez diren idealen inguruan antolatzen ikasi zuen herria islatzen du Hatortxuk.

26 urte luze, bai; hain zuzen ere, Eztizen Artola idazle eta haur motxiladun ohiak dituen urteak. Berak egin zuen lehen hitzartzea, lehen Hatortxu Rock egin zenean jaio baitzen bera. Dispertsioaren eraginez Artolak bizitako uneak eta jaialdiaren bidea txirikordatuz solasaldi hunkigarria egin zuen. «Gure bizitzak bizigarriago bihurtu dituzue. Indartu egin gaituzue. Bihotzez, eskerrik asko», adierazi zuen.

Oholtzan irudikatutako pareta bota eta Harrera Elkarteko Aduna Mendizabalek hitza hartu zuen, 26 urte hauetan Hatortxuk emandako laguntza eskertu, eta garaiak aldatu badira ere, eta gatibu zein erbestean kide gero eta gutxiago dauden arren, preso eta iheslari ohien premiak gero eta gehiago direla gogoratu zuen: «Horregatik, bizitza duin baterako beharko duten laguntza eskaintzean jarri behar dugu, gure elkartasun keinurik goxoena bidelagun izanik, etxeratze prozesua xamurragoa gerta dakien».

Eta horretarako Harrera Elkartea dagoela esan zuen, itzulera duina prestatu, bideratu eta bermatzeko. «Ezinbestekoa dugu denon inplikazioa, gizartearena, intuizioena, eragileena, eta badakigu lortuko dugula, denon artean, bakoitzak bere aletxoa jarriz, merezi duten bizi berri hori eraiki dezaten. Eta ez ditugu, lehenengo kondenaz gain, biziarteko kondenara kondenatuko. Ardura denona da!».

Katamalok “Gurarika” abestia kantatu ondoren, Gotzon Barandiaranek poema bat errezitatu zuen, funanbulistak gunea zeharkatzen zuelarik. Ikusgarritasuna eta irudimena ere beti izan dira Hatortxun eta bidean aurrera egiteko osagaiak.

BOLONDRESEN OMENALDIA

Peto laranjadun txandalariak oholtza hartu zutenean, hitza hartu zuen jaialdi honen sortzaile eta urte luzez lanean ibili den Endika Alonsok: «Duela zortzi urte hemen bertan ginen, hemen ez ginatekeela egon beharko esaten».

Fran Balda eta Imanol Azpiroz “Kaixer” izan zituen gogoan, baita Sara, Karmele eta dispertsioak eramandako lagun guztiak gogoratzeko tartea ere izan da ekitaldian: «Hau zuengatik ere bada». 26 urteetako bidaia zoragarria izan dela nabarmendu zuen Alonsok, «Hatortxu gure bizitza izan da. Bizitza asko, hobe esanda. 26 urtetan 30.000 boluntario inguruk aurrera atera dute jaialdia».

Horrela, urteetan egindako lana goraipatu zuen Alonsok: «Zuen lana Puerto de Santa Mariara zihoan autobusean zegoen, Lannemezanerako bidea egiten duen furgonetan eta baita Zaballako ekonomatoan ere. Zuen lana espetxe atariko besarkadetan zegoen, baita bat-batean mozten diren telefono dei horietan ere».

Bereziki bi hitzek markatu dute Hatortxu: elkartasunak eta maitasunak. «Haiek izan dira motor eta helburu. Horrek mugitu gaitu, horrek mugitzen gaitu oraindik gaur egun. Eta horrek ekarri gaitu Lakuntzara», adierazi zuen.

Hatortxu herritik eta herriarentzat eginiko ekitaldia da, hala izateko jaio zen eta horrela heldu da gaur egunera: «Hiltzeko jaio zen. Inoiz ez da helburua izan, tresna baizik». «Hatortxugatik, hau posible egin duten guztiengatik eta oraindik ere hemen egon ezin direnengatik! Denak etxean izan arte!», esan eta Beriain lehertu da, lehertu emozioz eta ilusioz. «Hatortxu badoa, baina ez genuke agur honen aukera pasatzen utzi nahi, hau posible egin duten horiei guztiei gure eskerrik bero eta handiena helarazi gabe. Ezinbesteko esku eta buruak, istorio eder bat marrazteko. Agur, beraz, guztiei. Eta mila-mila esker!», esan zuen jaialdiaren antolakuntzak.

ABENDUAK 27, ATARRABIAN

Besarkadak gero eta luzeagoak ziren publikoaren eta antolatzaileen artean; hitz gutxi, begiradek dena esaten zutelako, baina bai aldarri indartsua: "Euskal presoak, etxera".

Elkartasunaren oihartzun bihurtu zen jaialdiari azken aldiz arnasa ematera bildu ziren atzo, jakinda amaiera honek hasiera berri bat ere bazekarrela. Alonsoren hitzartzearen ondoren, Maskak, Mirua, Monsieur leCrêpe, Txingili'K eta Zetak-ek auzolanerako deia egiteko “Bi t'erdi” abestia interpretatu zuten oholtzaren gainean.

Ondoren iritsi zen sorpresa, publikoaren oihuen artean. Horrela, beste hitzordu baten berri eman zuten: abenduaren 27an Atarrabian ospatuko den Aske jaialdian: «Abenduaren 27an bide berri bati ekingo diogu. Musika jaialdi berri bati hasiera emango diogu».

Hatortxu Rockek bere bidea, bere funtzioa beteta bukatu duela adierazi zuten, «kilometroak metro bihurtu dituen maitasunaren apologia eginda. Etxerako bidea posible egin du herri honek, auzolanean».

Iragarri berri duten jaialdiarekin, askatasunaren alde lanean jarraituko dutela azaldu zuten: «Herri honen askatasuna eskuz esku, txandaz txanda saretu eta indartzen den herri honen indarrak egingo duelako posible. Aske izateko jaio garenak aske izan gaitezen».

AZKEN FESTA, EGUNEZ

Atzo egunez izan zen festa, eta nahi izan zuen oro iritsi zen Lakuntzara Iñigo ETS, Tatxers, Gorka Urbizu, Tremenda Jauria, Roba Estesa, Moises no duerme edota Gozategi bezalako taldeen kontzertu ederrak ikustera. Jaialdia La Jodedera taldeak itxi zuen herriko plazan.

Agur, Hatortxu Rock. Sekulakoa izan da egin duzuen guztia.